Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak herriko kirol taldeen beharrak zein diren ezagutzeko ikerketa egin du, eta txosten batean jaso ditu Elgoibarren kirol anitzetarako kantxa berri bat izateko dauden premia eta arrazoi nagusiak zein diren (irakurri txostena PDFan). Gaur egun, besteak beste, Sanlo eskubaloi taldeko 17 taldeek, CD Debabarrena areto futbol taldeko hiruk eta Elgoibarko saskibaloi taldeak erabiltzen dute Olaizaga kiroldegiko kantxa; entrenamenduetarako aste barruan eta partida ofizialetarako asteburuan. Asteburuetan batez beste bederatzi partida ofizial jokatzen dira Olaizagan. Gauzak horrela, horrenbeste talde hartzeko txiki geratu dela kantxa ondorioztatu dute txostenaren egileek, eta irtenbidea, kirol anitzetarako kantxa estali berri bat eraikitzetik etor daitekeela uste dute.
•800.000 euroko inbertsioa
Duela urte batzuk kiroldegi berri bat eraikitzeko dauden aukerak aztertzen hasi zen Udala, baina oztoporik handiena finantziazioarena da. Kiroldegi berri bat eraikitzeko, gutxienez, zazpi milioi euro behar direla dio Rikardo Garatek. Hortaz, erdibideko irtenbide bat proposatu dute: IMHko kirol pista estali eta egokitzea. Obra horrek 800.000 euro inguruko kostua duela azaldu du Garatek. “Dagoeneko aurkeztu dugu aurreproiektua Gipuzkoako Foru Aldundian, Diputazioaren eta Jaurlaritzaren diru-laguntzarik gabe ezin izango dugu-eta egitasmo hau gauzatu”. Foru Aldundiak probintziako osoko kirol instalazioetara bideratutako zazpi milioi euroko partida bat du eta kopuru horretako zati bat Elgoibarrerako izateko itxaropena duela gaineratu du Garatek. Beharrezko diru-laguntzak jasotzen badituzte, 2015-2016 denboraldia hasterako prest egongo dela IMHko jokaleku berria aurreratu du. Ildo beretik, Aita Agirreko eskolen eraikina birgaitzeko proiektuak “lehentasuna” duela adierazi du hirigintza zinegotziak.
•IMHko kantxaren ezaugarriak
Udalak Diputazioari aurkezti dion aurreproiektuaren arabera, IMHko jokalekua guztiz estaliko dute eta kautxu-sintetikozko zorua jarriko diote. Kantxaren neurriak eskubaloirako eta areto futbolerako arauzkoak (20 x 40 m.) izango dira. Bost aldagela izango ditu, horietako bat arbitroentzat. Aldagelen gainean eraikiko dituzte harmailak, gaur egun berdegune bat dagoen lekuan, hain justu ere. 500 lagunentzako lekua izango dute harmailek, 300dik gora lagunentzako eserlekuekin. Sarrera eta irteera nagusiak gaur egun IMHko aparkalekuak dauden lekuan egongo dira, Makina Erremintaren Museoaren gainaldean. Ikusleak zuzenean harmailetara sartuko dira. Kantxara, berriz, eskaileretatik eta igogailua erabiliz sartu ahal izango da.
Rikardo Garatek kantxa berriaren kokalekua, “Olaizaga eta Mintxeta artean” eta aparkatzeko eskainiko dituen “erraztasunak” nabarmendu ditu, eta baita ingurura "ondo egokituta" egongo dela ere. Aurrekoez gainera, kantxaren erabilera ez da kirol jarduetara mugatuko. "Kontzertuak eta era guztietako ekitaldiak har ditzake gune honek. Haritz dantza taldeak antolatzen duen Nazioarteko Folklore jaialdia Olaizagan egiten dutenean adibidez, kirol talde asko entrenatzeko lekurik gabe geratzen da, baina bi kantxekin ez genuke arazo hori izango".