Baimena duen arren Arnaldo Otegi ez dute amaginarrebaren hileta elizkizunera eraman

elgoibarren.net 2014ko api. 4a, 20:48

Logroñoko kartzelatik 17:25ean atera dute Arnaldo Otegi, Efe albiste agentziak iturri ofizialak aipatuz jakinarazi duenez, eta handik Zaballako (Nanclares de la Oca, Araba) espetxera leku aldatu dute. Elgoibarren zain zituen makina bat komunikabideetako kazetariak, amaginarrebaren hiletan parte hartzeko eman dioten baimena dela-eta hileta elizkizunera azalduko zela uste zuten-eta. Guztiak zebiltzan irudi beraren atzetik, Otegi kartzelatik kanpo erakusten zuen irudia, alegia. Oraingoz inork lortu ez duen irudia.

  Pernando Barrena Sortuko eledunak Kalegoen plazan bildutako kazetarien azaldutakoaren arabera, Zaballako kartzelara lekualdatu dute Arnaldo Otegi gaur arratsaldean, baina ez daki noiz ekarriko duten handik Elgoibarrera, "Arnaldo Otegi ez dagoela Elgoibarren da dakidan bakarra", adierazi du Barrenak, 19:15ak aldera plazan bildutako kazetarien galderei erantzunez. Dozenaka kazetari eta argazkilari bildu dira plazan. Hileta elizkizunean parte hartzera ekarri ez badute ere, amaginarrebaren hiletan parte hartzeko baimena du Otegik eta doluan parte hartzeko ekarriko dute Elgoibarrera hurrengo orduetan.