'8 apellidos vascos' filma ikusteko 2.200 sarreratik gora saldu dituzte Herriko Antzokian

elgoibarren.net 2014ko api. 7a, 14:06

 
Marka guztiak hausten ari da ‘8 apellidos vascos’ filma, eta diru gehien bildu duen gaztelaniazko filma da dagoeneko. Elgoibarrera ere ailegatu da Emilio Martinez Lazarok zuzendutako komedia ikusteko sukarra eta jende ilara luzeak egon dira asteburuan Herriko Antzokiko txarteldegian. Sarrera guztiak agortu dira hiru emanalditan, eta gaur gauean (21:30) emango dutenerako 9 sarrera bakarrik geratzen dira saldu gabe {14:15eko datua}. Guztira 2.292 sarrera saldu dituzte momentuz. Filmak izan duen arrakasta ikusirik, Udaleko kultura sailean erabaki dute beste emanaldi bat eskaintzea martitzenean (21:30).

 Kultura sailetik jakinarazi dutenez, Kutxabank bitartez erosi daitezke Herriko Antziokian zinea ikusteko txartelak, eta Internet bidez saltzen ez dituzten sarrerak jarriko dituzte salgai txarteldegian. Gaur (astelehena, apirilak 7) gauerako emanaldirako 9 sarrera daude saldu gabe, baina martitzenean eskainiko duten azken emanaldirako sarrera guztiak {395 eserleku daude} daude salgai. Bi emanaldiak 21:30ean hasiko dira.

Markak hausten
 Zine aretoak txiki lagatzen ari da 8 apellidos vascos film arrakastatsua. Elgoibarren ere ohiko asteburuetan baino emanaldi bat gehiago eskaini zuten, eta domeka gauean ere egon zen zinera joateko aukera, baina hala eta guztiz, ez da nahikoa izan eta martitzenerako azken saio bat antolatu behar izan dute Kultura sailekoek.
 Euskaldunok komediarako lehengai gisa erabiltzen gaituen Espainiako pelikula honek gurean ere izan duen arrakasta neurtzeko datu bat: iaz, 2013an, Las Brujas de Zugarramurdi izan zen filmik ikusiena Elgoibarko Herriko Antzokian eskaini zituzten filma guztien artean. 388 ikusle batu zituen Alex de La Iglesiaren pelikulak; hutsaren hurrengoa 8 apellidos vascos-ek lortuko dituen zifrekin konparatuta, 2.200 lagun baino gehiagok ikusiko dute-eta Elgoibarren, 11.000 biztanleko herrian. Beste datu bat: 2013an 8.533 zine sarrera saldu zituzten guztira Herriko Antzokian. Itzela.
 
Lotura duten albisteak: