Makina-erremintako enpresek %6,4 gehiago fakturatu zuten 2013an, eta inoiz baino gehiago esportatu. “Urte oso zaila izan zen, baina uste baino hobea”, esan zuen atzo Jose Ignacio Torrecilla AFMko presidenteak —Espainiako elkartea da AFM, baina bazkide gehienak Hego Euskal Herrikoak dira—. 2012an lortutako eskaera zorroak lagundu zioten horretan. Hustuz joandako zorro hori betetzerik ez zuten lortu, ordea, enpresek. Batez beste, %13 murriztu ziren eskaerak, eta aurtengo lehen hilabeteetan ere iazko kopuruetatik behera ibili dira, %20 behera. Horregatik, AFM makina-erremintako patronalak “oso zail” ikusten du 2013ko emaitzak errepikatzea.
Halaber, lan karga faltaren ondorioz, 2014. urtea “ilun” datorrela nabarmendu zuen AFMko zuzendari nagusi Xabier Ortuetak. Fakturazioan %5 eta %10 arteko jaitsiera iragarri du urte amaierarako, batez ere India edota Txinako eskaerek behera egin dutelako. 2013. urtean 1.412 milioi euroko fakturazioa lortu zuen sektoreak. Horietatik 937 milioi euroko salmentak dagozkio makina-erreminta hutsari (makinak), aurreko ekitaldian baino %10 gehiago. Gainontzekoak osagaiak, gehigarriak, zerbitzuak eta erremintak dira.
Esportazioei esker bizi da makina-erreminta, egindakoaren ia %85 saltzen du Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo. Iaz ere markak hautsi zituen, %8,3 igota, baina azkenaldian hainbat zailtasun ikusten ditu. BRIC herrialdeen egoerak sortzen dio kezka batik bat AFMri. Txina eredu ekonomikoa eraldatzen ari da, eta industria inbertsioak geratu ditu. Indiaren kasuan, errupia diruak balioa galdu du, eta interes tasak igo dira; ondorioz, Europako produktuak eskuratzea zailago dute hango enpresek. Brasil ere “gogogabe” ikusten du Torrecillak, eta horri Errusiako egoera batu behar zaio. Lau herrialde horietan izan daitekeen galera konpentsatzeko, AEBetan eta Mexikon ahalegin berezia egin nahi du elkarteak, hazten ari diren bi merkatu baitira.
•Makina-erremintaren Biurteko Azoka “momentu egokian dator”
Europari dagokionez, suspertzen ari den itxura du, “modu apalean bada ere”. Hala ere, ohartarazi du Alemania ez dela ari espero zen bultzakadarik ematen. Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan, berriz, joera aldaketa ikusten du. “Barne merkatuaren susperraldia, hasiberria izanik ere, egonkorra da”. Iaz, %65 igo ziren eskaerak. “Abiapuntua oso baxua izan arren, aurreikuspen gehienek hobekuntza joera erakusten dute, eta horrek industria ekipamendurako inbertsioen hazkuntza ekarri beharko luke”. Torrecillaren esanetan, hazkuntza horri lagunduko dio Makina-erremintaren Biurteko Azokak. Ekainaren 2tik 7ra izango da. “Momentu egokian dator”. Jada ziurtatu dute espazioa %12 handituko dela. Lau pabiloi izango ditu, eta 1.176 erakustoki 60.000 metro koadrotan banatuta. Eusko Jaurlaritzak makina-erremintan jarritako Renove plana ere txalotu du Torrecillak. “Gehiago saltzen laguntzeaz gain, gaitasun produktiboa eta industria guztiaren lehiakortasuna ere hobetzen ditu”. (*iturriak: berria.info, eitb.com)
- Informazio osoagoa: Makina-erremintaren Biurteko Azoka, susperraldiaren hasiera (afm.es)
•BIDEOA: (eitb.com)
∞Lotura duten albisteak: