Mendaroko pintxo lehiaketa maiatzaren 10ean eta 11n egingo dute

elgoibarren.net 2014ko api. 28a, 17:16

 
Aurreko bi edizioek izan duten arrakasta ikusita, pintxo lehiaketa antolatu du hirugarrengoz Mendaroko Udalak, herriko ostalaritza sektorea sustatzeko helburuarekin. Iaz herriko taberna guztiek parte hartu zuten eta Uztargi tabernak aurkeztutako pintxoak jaso zuen epaimahaiaren lehen saria (ondoko argazkian). Herritarren Saria, berriz, Menditxo tabernak irabazi zuen.


  Espresuki lehiaketarako sortutako mokadu txikiak dastatzeko aukera izango da maiatzaren 10ean eta 11n (12:00etatik 15:00etara eta 19:00etatik 21:00etara) Mendaroko III. Pintxo Lehiaketan. Pintxo guztiak euro batean salduko dituzte.
Sari ugari
  Epaimahai teknikoak hiru pintxo sarituko ditu: txapela, garaikurra eta diploma jasoko ditu irabazleak, bigarren sailkatzen denak garaikurra eta diploma eskuratuko ditu, eta hirugarrenak diploma. Horrez gain, baina, sari berezi bat ere izango da: herritarren saria. Herritarrek eurek bozkatuko dute. Taberna bakoitzean kutxa bat egongo da, tabernariak emandako kupoian nork bere balorazioa idatzi eta hantxe husteko. Boto guzti horiek batu eta zenbatuko dituzte gero antolatzaileek, eta pintxorik estimatuena sarituko dute. Bozketa horretan parte hartzen duten guztien artean, zozketa bat ere izango da eta bi sari banatuko dituzte: 50 euroko bi bonu (epaimahai herrikoiak aukeratutako taberna irabazlean gastatzeko).
  Era berean, jeneroa ondo kalkulatzeko tabernariek izaten dituzten zailtasunak direla-eta, domeka arratsalderako jenerorik gabe geratzen diren tabernek txapelketan jarraitzeko aukera izango dutela aurten jakinarazi du Mendaroko Udalak.
Pintxoak baloratzeko irizpideak
  Pintxoak baloratzerako orduan aurkezpena, zaporea, testura eta originaltasuna baloratuko ditu epaimahai teknikoak. Iaz, Uztargi tabernak eskuratu zuen epaimahaiaren lehen saria, "zapore, testura eta originaltasunean" puntuazio altuena lortu eta gero (99 puntu). Bigarren geratu zen pintxoak, Menditxo tabernak prestatu eta aurkeztutakoak, 93,5 puntuko nota jaso zuen eta puntu erdi gutxiago hirugarren saria eskuratu zuen Txirristaka tabernako pintxoak.

Lotura duten albisteak: