Haundi eta Bermeoren arteko partida erabakigarrirako sarrerak doan

elgoibarren.net 2014ko api. 30a, 14:33

Liga Txapelketa amaitzeko bi jardunaldiren faltan, Hirugarren Mailako jaitsiera postuetan sailkatuta dago Haundi (18. postuan, 34 punturekin). Matematikoki, baina, badute oraindik salbazioa lortzeko aukerarik. Horretarako nahitaez irabazi beharreko partida jokatuko dute zapatuan (maiatzak 3), Mintxetan (17:00), Bermeoren aurka (17. postuan, 36 punturekin). Mintxetako harmailak zalez betetzeko asmoz, sarrerarik ez dutela kobratuko jakinarazi du CD Elgoibarrek.

 Datorren denboraldian Hirugarren Mailan jarraitu nahi badu, Liga Txapelketako azken bi jardunaldietan aurkari zuzenek baino emaitza hobeak lortu beharko ditu Haundi futbol taldeak, eta, hala eta guztiz ere, baliteke salbazioa ez lortzea. Izan ere, 2B Mailatik euskal talde bat jaisten bada, -Laudio eta Real Union daude borroka horretan sartuta-, hiru taldek beharrean lauk galduko dute maila Haundik lehian diharduen Hirugarren Mailan. Betiere, Hirugarren Mailatik 2B Mailara euskal talde bat igotzen ez bada, horrek gauzak orekatuko lituzke-eta.
Salbazioa ez dago Haundiren esku
 Hortaz, honakoa da nahaspila honetako ondorio nagusia: salbazioa ez dago Haundiren esku. Horrelako kasuetan bada ezinbesteko baldintza bat: jokoan dauden puntu guztiak irabaztea. Horixe egiten saiatuko da Haundi Bermeoren aurkako partidan, zapatuan Mintxetan. Elgoibartarrak baino postu bat gorago sailkatuta daude bermeotarrak, bi puntu gehiagorekin. Hortaz, bizkaitarrak aurreratu eta jaitsiera postuetatik irteteko partida erabakigarria izango da. Berdinketarekin oraindik bizirik jarraituko lukete Haundiren aukerek, baina porrotak maila galtzea ekarriko luke. Hamaseigarren postuak hurrengo denboraldian Hirugarren Mailan jarraitzea ziurtatzen duen arren, horraino iristeko Bermeo taldeaz gainera, Oiartzun ere gainditu beharko luke sailkapenean Haundik, une honetan elgoibartarrek baino lau puntu gehiago pilatuta dituen taldea, hain zuzen ere. (ikus sailkapena)
Zamudion itxiko du liga Haundik
 Ligako azken jardunaldian Zamudiori egingo dio bisita Haundik. Bederatzigarren postuan sailkatuta daude eta ez dute ezer jokoan. Aldiz, Bermeok etxean jokatuko du Portugaleteren aurka, igoerako kanporaketak jokatzeko borrokan diharduen taldea. Oiartzunek, Lagun Onak (12. sailkatua) eta Arenas Club (2. sailkatuak) taldeen aurka jokatuko ditu azken bi partidak (ikus egutegia).
 Erronka zaila du Haundik, baina futbolean onik irten dira egoera zailagoetan zeuden taldeak ere. Etxean jokatuko duten denboraldiko azken partidan Mintxetako harmailak jendez beteta ikusi nahi dituzte klubeko arduradunek eta dei egin diete herritarrei zapatuan Mintxetara joateko. Gainera, bazkide ez diren CD Elgoibarko jarraitzaileek ez dute sarrerarik ordaindu beharko partida ikusteko.
∞Lotura duten albisteak: