Elgoibarko Udalak errekonozimendua egin die makina-erremintaren sektoreko eragileei

elgoibarren.net 2014ko api. 30a, 15:14

 
Atzo hasi zituzten makina-erremintaren mendeurreneko ekitaldiak, eta gaur, sektoreko eragileei egin die errekonozimendua Elgoibarko Udalak. Pleno aretoan batu dira Udaleko, Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta makina-erreminta sektoreko eragileak, eta ondoren, Katanarra arkuan bertan kale-erakusketa inauguratu dute. Bolatokian eman diote amaiera ekitaldiari.


Elgoibarko Udalak errekonozimendua eta esker ona adierazi die makina-erremintaren sektoreko eragileei. AFMri eta enpresetako ordezkariei oroigarri bana eman diete makina-erremintan egindako lanagatik, eta horrekin batera, makina-erremintaren historia biltzeko lanetan aritu den herritar taldeari ere esker ona adierazi diete. Makinak ekoiztearen garrantziari lotuta, formakuntzak Elgoibarren duen garrantzia ere nabarmendu du Alfredo Etxeberria alkateak, eta horregatik, Lanbide Hezkuntzan diharduten herriko ikastetxeek ere jaso dute euren errekonozimendua. Horrez gain, Pedro Ortuondo IMHko museoko arduradunak makina-erremintaren inguruan prestatu dituzte hiru ibilbide historikoren berri eman du.

1706636825447 Elgoibarko Udalak errekonozimendua egin die makina-erremintaren sektoreko eragileei

Ekitaldi instituzionala bukatu ostean, txistulari baten atzetik egin dute guztiek udaletxetik Katanarra arkura arteko bidea. Haritz dantza taldeko kideek aurreskua dantzatu diete ekitaldiko protagonistei, eta ondoren, kaleko-erakusketa inauguratu dute. Alfredo Etxeberriak moztu du zinta, eta erakundeetako ordezkariei eman die zintaren pusketa bana. Bolatokian atera dute familia erretratua, eta mokadutxo bat egin dute elizako arkupeetan.

Atzo, hitzaldia

Hitzaldian eta mahai inguruan parte hartu zuten lagunak. Arg. elgoibar.org.

Makina-erremintaren iragana, oraina eta etorkizuna ezagutzeko asmoz, hiru hitzaldi antolatu dituzte, eta atzo izan zen lehenengoa. Jesus Mari Astigarraga Danobateko lehendakari ohiak egin zuen aurkezpena, eta ondoren, Carmelo Urdangarin historiazale eta ekonomilariak eta Joan F. Puigjaner Industrias Puigjaner enpresako ordezkariak berba egin zuten. Ondoren, makina-erremintaren sektorean arituak eta adituak direnek mahaingurua egin zuten, "Elgoibar eta Makina-Erreminta: mendeurreneko ahalegin baten balioak" izenburupean.
ARGAZKIAK: