Herritarren partaidetzari buruzko bilkura irekira deitu ditu herritarrak EHBilduk maiatzaren 6rako

elgoibarren.net 2014ko api. 30a, 18:41

Herritarren Partaidetzari buruzko Araudiaren Proiektua garatzen dihardu Elgoibarko Udal Gobernuak legegintzaldi honetan. Hain zuzen ere, maiatzaren bukaerako Udalbatzarraren osoko bilkuran eztabaidatuko dute egitasmoa. Hori dela-eta, Elgoibarko EHbildu koalizioak bilera irekia antolatu du maiatzaren 6rako, “orain arte emandako pausoei buruzko balorazioa” egin eta, besteak beste, dituzten proposamenak herritarrekin “kontrastatzeko”.


  EHBilduk jakinarazi duenez, Elgoibarko Udalaren proposamena aurkeztu nahi diete elgoibartarrei, eta, batez ere, dituzten proposamenak herritarrekin kontrastatu, era horretan herritarrek izan ditzaketen ekarpenak jaso eta dagokien lekura bideratu ahal izateko. Maiatzaren 6an izango da bilkura, 19:00etan, Elgoibarko Kultur Etxeko sotoan. Bileran eztabaidatuko diren gaiak garrantzi handikoak direla nabarmendu dute koalizioko arduradunek: "gure esku dago elgoibartar guztion partaidetza bermatuko duen araudia lortzea", adierazi dute.
'Jaso gabeko eduki inportanteak'
  Herritarren buruzko Araudiaren Proiektua garatu asmoz, Udalak tailer batzuk jarri zituela abian gogora ekarri du EHBilduk. Tailer horietako ekarpenik esanguratsuenak 2012an jaso zituzten eta orain, ekarpen horiek eztabaidatuko dituzte maiatzaren bukaerako Udalbatzarraren osoko bilkuran. “Nahiz eta maila handi batean proiektu hori tailerretako ekarpenetan oinarrituta egon, badaude eduki oso inportanteak jaso gabe geratu direnak, batez ere herri-kontsultei eta lurralde kontseiluei dagozkienak”, zehaztu dute.