Euskadiko areto futbol txapelketa jokatuko dute domekan Olaizaga kiroldegian

elgoibarren.net 2014ko mai. 2a, 10:55

 
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako txapeldunek Olaizaga kiroldegian neurtuko dituzte indarrak domekan (maiatzak 4), jubenil mailako Euskadiko Areto Futbol Txapelketan. Elgoibarko Cafeteria King Kong taldeak ordezkatuko du Gipuzkoa, apiril hasieran Gipuzkoako txapelketa irabazi zuen-eta CD Debabarrena taldeko jubenilen taldeak (ondoko argazkian).


 Bizkaiko txapeldunak (Berrio Santutxu), Arabakoak (Eskoriatza) eta Gipuzkoako txapeldunak (Cafeteria King Kong) jokatuko dute domekan jubenil mailako Euskadiko areto futbol txapelketa. Hiru taldeak elkaren aurka arituko dira Olaizaga kiroldegian.
 Lehen partidan bizkaitarrek eta arabarrek jokatuko dute elkarren aurka, 11:00etatik aurrera. Partidaren amaieran eta hamar minutuko atsedena hartu ostean, lehen partidako galtzaileak Cafeteria King-Kong taldearen aurka jokatuko du bigarren partida; eta, azkenik, lehen partidako irabazlearen kontra jokatuko dute elgoibartarrek txapelketako azken partidan. Euskadiko txapela irabazten duenak Espainiako txapelketa jokatzeko sailkapena lortuko du.