Haundik maila galdu du hamar denboraldi eta gero

elgoibarren.net 2014ko mai. 5a, 11:24

Haundi futbol taldeak 0-1 galdu zuen zapatuan Bermeoren aurka Mintxetan jokatu zuten partida, eta salbazioa lortzeko aukerarik gabe geratu da, Liga Txapelketa amaitzeko jardunaldi bat falta bada ere. Honenbestez, datorren denboraldian Ohorezko Erregional mailan arituko da Haundi. 2004tik hona aritu da Hirugarren Mailan C.D. Elgoibarren talde nagusia.


 Mailari eusteko partida erabakigarria jokatu zuen Haundik zapatuan Mintxetan. Jaitsiera postuetatik irteteko aukera zuen Bermeo taldeari irabazita, baina bizkaitarrek eraman zituzten hiru puntuak Mintxetatik. Bermeoko Susmozas jokalariak sartu zuen partidako gol bakarra, 55. minutuan. Honenbestez, matematikoki mailari eusteko aukerarik gabe geratu da Haundi. Sailkapenean 18. postuan daude, 34 punturekin eta postu bat gorago dago Bermeo, 39 punturekin. Azken jardunaldian Zamudioren aurka jokatuko dute elgoibartarrek.
CD Elgoibarrek jokalariek eta zaleek "denboraldi osoan eta zapatuan bereziki" eginiko ahalegina eskertu du taldearen webgunean jarri duten oharrean.
Hamar denboraldi Hirugarren Mailan
 C.D.Elgoibarko talde nagusiak hamar denboraldi egin ditu Hirugarren Mailan, 2003-2004 denboraldian igoera lortu zutenetik. Bi denboralditan (2008-2009 eta 2009-2010) gainera, igoera fasea jokatzeko sailkapena ere lortu zuen Haundik, Jagoba Arrasate entrenatzaile zutela, nahiz eta igoera gauzatzerik lortu ez.
∞Lotura duten albisteak: