Iñigo Lariz nagusi gauez ere

elgoibarren.net 2014ko mai. 5a, 15:32

Aloñako Igoerak 10 urte bete dituela-eta, hiru egunetarako egitaraua prestatu zuten antolatzaileek horren harira, tartean Buitreaitzeko lehenengo lasterketa bertikala. Bazuen berezitasun bat lasterketak, gauez jokatu zela, alegia. Iluntasunari eta malda gogorrei aurre eginez, Iñigo Lariz izan zen Buetraitz gainera iristen azkarrena, Agusti Roc eta Ionut Alin Zincaren (Aloñako Igoerako irabazlea) aurretik. Euskal Herriko Txapelketa ere izan zen proba eta Larizek jantzi zuen txapela.



 Buitreatzeko I. Gaueko Lasterketa Bertikalean, Euskal Herriko Txapelketa eta Koparako puntuak zeuden jokoan, eta horrenbestez, puntako atletek parte hartu zuten proban, esaterako, Ionut Alin Zinca –modalitate eta distantzia desberdinetan palmares ikusgarria duena, Agusti Roc –Kilometro Bertikalean Munduko eta Europako txapelketak irabazitakoa–, eta Iñigo Lariz –Espainiako txapeldun iaz–. Aipaturiko hirurak iritsi ziren aurreneko hiru postuetan, alderantzizko ordenan ordea: Lariz lehena (27'57''), Roc bigarrena (28'06'') eta Zinka hirugarrena (28'44''), alegia.
 Korrikalariek 2,7 kilometrotan 720 metroko desnibela gainditu zuten, Arantzazutik Buetraitzera arte. Ilunetan egin zuten korrika frontalaren laguntzarekin, 21:30ean hasi zen eta proba barixaku gauean. Parte hartu zuten 70 antxitxikariak banan-banan irten ziren, txirrindularitzako erlojupeko batean bezala. Domekan, berriz, Ionut Alin Zinkak irabazi zuen Aloñako X. Igoera.

 Proba irabazi ostean Iñigo Larizek Goienari eskaini zion elkarrizketa, probari buruzko informazio osoagoa eta argazkiak goiena.net atarian.