Alberto Revuelta Euskadiko txapeldun 10.000 metroko lasterketan

elgoibarren.net 2014ko mai. 6a, 13:47

 
Iraupen lasterketen Euskadiko txapelketa jokatu zuten, joan den zapatuan, Durangoko atletismo pistan. 10.000 metroko lasterketan Alberto Revuelta antxitxikari elgoibartarrak lortu zuen garaipena (30:51.87), Aloña-Mendi Kirol Elkartea ordezkatuz. 

 
 
  Euskadiko atletismo konbinatuko txapelketa jokatu dute joan den asteburuan Durangon, eta, zapatuan (maiatzak 3) iraupen lasterketen Euskadiko txapelketa egin zuten. Hogeita hamar atletek parte hartu zuten 10.000 metroko lasterketan eta bi nafar nagusitu ziren: Antonio Javier Casadok (30:10.44) irabazi zuen proba eta Rodrigo Sanchez (30:37.29) ailegatu zen helmugara bigarren postuan. Hirugarren postuan sailkatu zen Alberto Revuelta, Donostian bizi den elgoibartarra, 30:51.87 denborarekin. Honenbestez, Revuelta da 10.000 metroko Euskadiko txapeldun berria.

 Maratoiaren ostean, atletismoan egiten den bigarren probarik luzeena da 10.000 metroko lasterketa. Kenenisa Bekele etiopiarrak ezarri zuen munduko errekorra (26:17.53, Bruselan, 2005eko abuztuaren 26an, Elgoibarko Mugerza krosa irabazi (2003an lortu zuen garaipena Elgoibarren) eta handik ia bi urtera.
Lotura duten albisteak: