Abian da Gazteentzako Asmaola+ Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketaren estreinako edizioa

elgoibarren.net 2014ko mai. 6a, 15:16

 
Asmaola+ Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako Sarea osatzen duten Lanbide Heziketako Ikastetxeek, ‘ASMAOLA+ Gazteentzako Enpresa Industrialen Ideia Lehiaketa' aurkeztu dute gaur. Erakundeen eta hainbat enpresen babes eta laguntzarekin antolatu dute lehiaketa, eta, besteak beste, gazteen artean izaera industriala duten enpresa proiektuen garapena sustatzea du helburutzat.

 
 
 Elgoibarko Makina Erremintaren Institutua, Irungo  Bidasoa GBLHI, Bergarako Miguel Altuna GBLHI,  Muskizko CF Somorrostro eta Usurbilgo Lanbide Eskolak osatzen dute Asmaola+ Berrikuntza eta Teknologia Transferentziarako Sarea. Guztien artean antolatu dute ‘ASMAOLA+ Gazteentzako Enpresa Industrialen I. Ideia Lehiaketa', Elgoibarko Udalak 2014rako antolatu duen Elgoibarko Makina Erremintaren Mendeurreneko ekintzen barruan. Elgoibarko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, eta Danobat Group Koop. E., Alcorta Forging Group S.A., Grupo Schaeffler, Grupo Egile, Grupo Maherholding eta Ferretería Unceta S.A. enpresen babesarekin antolatu dute izaera industriala duen lehiaketa.
Dirua, prestakuntza eta baliabide industrialak saritzat
 Bi sari banatuko ditu epaimahaiak.
  1. Enpresa Industrial Onenaren saria jasotzen duen egitasmoaren egileak 2.500 euro jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 100 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 300 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko (makinak, ...).
  2. Bigarren saria, Euskadiko Lanbide Heziketako ikasle edo ikasle ohiak aurkeztutako enpresa industrial ideia onenari emango zaionak 2.000€ jasoko ditu eskudirutan, 40 prestakuntza ordu sustatzailearen beharren arabera, 50 aholkularitza ordu enpresa proiektua garatzeko eta 100 ordu beharrezkoak diren baliabide industrialak erabiltzeko. Sariak ez dira metagarriak izango eta ideia sarituen proiektuak abiatu eta 18 hilabeteren epean egin beharko dira. Proposamenak aurkezteko epea ekainaren 30etan amaituko da. Lehiaketaren oinarriak eta izena emateko inprimakiak www.imh.es orrian daude eskuragarri.
Enpresa industrialen abiatzea errazteko laguntzak
 Ekintzailetasun industrialaren eremuan kokatuz,  Lehiaketa honek Euskal Herrian errotutako beste ekintza on batzuk osatu nahi ditu. Beste sektoreekin alderatuta ekintzailetasun industrialak baditu hainbat zailtasun; ondorioz, mota honetako proiektuen kopurua txikiagoa da. Azpiegitura garestiak behar ditu abiatzen diren momentutik (makinak batik bat),  eta horrek dakarren finantzazioa litzake lehen oztopoetako bat. Testuinguru honetan, “ekintzailetasun industriala sustatzeko eta etorkizuneko erronkak era arrakastatsuan lantzen lagunduko duen eremua sortzeko” jarri dute abian ideia lehiaketa hau. Laguntza bereziak emango dituzte antolatzaileek, hala nola azpiegitura industrialaren lagapena eta hauek erabiltzeko aditua, ideiaren egingarritasuna hobetzeko eta ekintzaileen arrisku ekonomikoa murrizteko, azken finean enpresa industrialen abiatzea erraztea bilatzen dute-eta lehiaketa hau martxan jarrita.