Aldarrikapenak, gastronomiak eta ikuskizun eszenikoek bat egingo dute asteburuan Mendaron

elgoibarren.net 2014ko mai. 8a, 18:30

 
Asteburu honetan ekintza ugari egongo dira Mendaron: Gure Esku Dago egunak, Udalak antolatutako pintxo-lehiaketak eta herriko 50 bat umek Arnori buruz prestatu ikuskizunak bat egingo dute biribila izateko osagai guztiak dituen asteburuan.


Gure Esku Dago eguna zapatuan
 Erabakitzeko eskubidearen alde egin eta ekainaren 8an Durango eta Iruñea batu asmo dituen giza katerako motorrak berotze aldera, Gure Esku Dago eguna antolatu du zapaturako (maiatzak 10) Mendaroko Gure Esku Dago batzordeak, herriko hainbat eragileren laguntzarekin. Batzordetik gogorazi dute ekainaren 8rako giza-katerako metroak saltzea dutela lehentasuna, baina aldarrikapena jaiarekin uztartuko dute. Egun osoko egitaraua antolatu dute 14:30ak aldera frontoian egingo dute herri-bazkariaren bueltan:
  • 12:00etan, kalejiran irtengo dira Bizi Poza txarangakoak
  • 13:30ak aldera herri-kirol saioa izango da plazan.
  • 14:15ean Gure Esku Dago ekimenaren aldeko argazki handia aterako dute plazan, eta elkarrekin bazkalduko dute gero frontoian, aurrez txartela erosi duten guztiek.
  • 17:00ak aldera, herriko bertsolariek kantatuko duten agur banaren ostean, Inozentzio klownaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da. Ume nahiz helduentzako saioa izango da.
  • Umore tartearen ostean, trikiti-poteorako ordua izango da. Herriko trikitilari eta bertsolariek girotuko dute poteoa
  • 23:00etatik aurrera, dantzaldia izando da plazan, EROmeria taldearekin. Erromeria bukatutakoan, DJaren txanda izango da.
Pintxo lehiaketa zapatuan eta domekan

1706636795472 Aldarrikapenak, gastronomiak eta ikuskizun eszenikoek bat egingo dute asteburuan Menda

Mendaroko Udalak pintxo lehiaketa antolatu du, hirugarren urtez. Hala, bihar eta etzi tabernariek espreski lehiaketarako aurkeztutako pintxoak dastatzeko aukera izango da (12:00etatik 15:00etara, eta 19:00etatik 21:00etara). Pintxoak euro batean salduko dituzte tabernariek, eta Udalak hiru pintxo onenak sarituko ditugu. Herritarrek ere izango dute, baina, epaimahaikide izateko aukera. Taberna bakoitzean kutxa bat egongo da, eta herritarrek aukera izango dute euren pintxo gustukuenaren alde egiteko. Boto guzti horiek batu eta zenbatuko dituzte gero antolatzaileek, eta pintxorik estimatuena sarituko dute. Bozketa horretan parte hartzen duten guztien artean, 50na euroko bi bono zozketatuko dituzte. (epaimahai herrikoiak aukeratutako taberna irabazlean gastatzeko).

Arnori buruzko ikuskizuna
 Arno mendiak gordeta izan dituen sekretuak azaleratuko dituzte domekan Mendaroko 50 bat haur eta gaztetxok. Antzerkia, dantza, ikus-entzunezkoak eta beste zenbait arte adierazpide batzen dituen ikuskizuna prestatu dute, eta San Agustin kulturgunean eskainiko dute. Bi saio izango dira. Lehenengo saioa 11:00etan hasiko da, eta bigarrena, 12:30ean. Ikuskizunean 4 eta 12 urte bitarteko 50 bat umek parte hartuko dute, gehienak Ludotekako eta Gaztelekukoak. Bi koloretako sarrerak atera dituzte: grisak (11:00etako saiorako) eta laranjak (bigarren saiorako) eta Morroskillo dendan eskura daitezke.