Ia 200 lagunek parte hartuko dute zapatuan egingo duten Txistularien Alardean

elgoibarren.net 2014ko mai. 14a, 12:02

 
Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako 55 txistularik eta lau abesbatzak, tartean Elgoibarko Parrokikoak, parte hartuko dute Inazio Bereziartua Musika eta Dantza Eskolak zapaturako (maiatzak 17) antolatu duen Txistularien Alardean. (bideoa dauka)



 Inazio Bereziartua Musika eta Dantza eskolak hainbat ekintza antolatu ditu gerturatzen ari den ikasturtearen amaierara begira. Hasteko, txistua ezagutarazteko asmoz, Txistularien Alardea antolatu dute zapaturako. Eibar, Ermua, Deba, Mendaro, Azpeitia, Aretxabaleta, Arrasate, Oñati, Barakaldo, Gasteiz eta Elgoibarko 55 bat txistularik parte hartuko dute alardean. 12:15ean irtengo dira kalejiran, eta herriko kaleak gurutzatu ostean, kontzertua eskainiko dute San Bartolome parrokian. Lau abesbatzek parte hartuko dute kontzertuan: Soraluzeko Ezoziko Ama, Azkoitiko Iraurgi, Aretxabaleta abesbatza eta Elgoibarko Parrokiko abesbatzak. Era berean, Haritz dantza taldeko dantzariek ere parte hartuko dute, eta baita metal boskoteak eta Marimba taldeak ere. Guztira ia 200 lagunek parte hartuko dute Joseba Garmendiak zuzenduko duen kontzertuan.

1706636791018 Ia 200 lagunek parte hartuko dute zapatuan egingo duten Txistularien Alardean

1706636791090 Ia 200 lagunek parte hartuko dute zapatuan egingo duten Txistularien Alardean


Matrikulazio epea maiatzaren 19an zabalduko dute
 2014-2015 ikasturterako matrikulazio epea maiatzaren 19an irekiko dela jakinarazi du Inazio Bereziartua musika eskolak. Musika eskolan dauden ikasleek maiatzaren 19tik 6ra izango dute matrikulatzeko aukera. Ikasle berriek, aldiz, ekainaren 2tik 20ra bitartean. (informazio osoagoa hemen: Matrikulazioa – PDF)

BIDEOA: 2013ko Txistularien Alardea

∞Lotura duten albisteak: