Edukiontzi marroia Mendarora iritsi da

elgoibarren.net 2014ko mai. 14a, 18:10

Hondakin biodegradagarriak biltzeko sistema Mendarora ere zabaltzea adostu dute Mendaroko Udalak eta Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak, ingurumena zaintzeko asmoarekin. Hondakinak bosgarren edukiontziaren bidez biltzeko esperientzia hori Ermua, Eibar, Soraluze eta Elgoibarren martxan dago dagoeneko, eta parte-hartzea handia izaten ari dela nabarmendu dute Mankomunitateko arduradunek. Mendaroko 350 etxek (%40) eman dute izena dagoeneko.

 
 Debabarrena Eskualdeko Mankomunitateak jakinarazitako datuen arabera, etxe partikular bakoitzean sortzen diren hondakinen % 43 organikoak eta biodegradagarriak dira. “Horiek behar bezala banantzen badira, poltsa biodegradagarrietan sartzen badira eta poltsa horiek edukiontzi marroietan (5. edukiontzia ere deitzen zaie) uzten badira, konpost (ongarri) bihurtuko dira”.
  Hortaz, gaika bildu behar dira kozinatutako eta kozinatu gabeko gainerako landare-hondakinak (frutak, barazkiak, lekak, ortuariak, pastak, loreak eta abar) eta abere-hondakinak (haragia, arrautzak, arraina, itsaskiak eta horien oskolak edo hezurrak), sukaldeko papera, ezpainzapiak, paperezko mukizapiak, kartoizko arrautza-ontziak, kafe-iragazkiak, ogi- eta opil-hondarrak, baita kortxo naturalezko tapoiak eta txotxak ere.

350 kit banatu dituzte dagoeneko Mendaron

 Bilketa-sistema horretan parte hartu nahi duten herritarrek joan den maiatzaren 6tik 11ra bitartean eduki zuten izena emateko lehen aukera. Hala, epe horretan izena eman zuten Mendaroko 350 etxetako lagunek udal-egoitzetan doako kit bat jasotzeko aukera izan dute, eta kitak honako gauza hauek ditu: 10 litroko edukiera duen kuboa, poltsa biodegradagarriak, informazio-liburuxka bat, eta edukiontzi marroia irekitzeko giltza bat, edukiontziak beti itxita egon behar baitu.
Izena emateko
 Dena dela, oraindik ere badago izena emateko aukera. Mendaroko udaletxera joan behar da izena ematera eta kit-a jasotzera, edo informazio eske honako telefono zenbakira deitu: 943 033 282.
Udal erroldaren arabera 875 etxebizitza daude Mendaron eta lau egunetan ia %40ak eman du izena hondakin biodegradagarriak biltzeko sisteman. Mankomunitateak jakinarazi duenez, maiatzaren 26rako erabiltzeko moduan egongo dira edukiontzi marroiak. Guztira 13 edukiontzi inguru jarriko dituzte Mendaroko hainbat txokotan.
 
Lotura duten albisteak: