Cafeteria King Kong vs Levante, Espainiako txapelketako kanporaketa Olaizaga kiroldegian

elgoibarren.net 2014ko mai. 15a, 09:41

 
Valentziako Levante taldearen aurka jokatuko du Cafeteria King Kong areto futbol taldeak Espainiako txapelketako kanporaketa, zapatuan (maiatzak 17), Olaizaga kiroldegian. Partida bakarrera jokatuko da kanporaketa eta irabazleak final-laurdenetarako sailkapena lortuko du. Era berean, Concepto Egilek bigarren lekuan amaitu du Liga txapelketa.



 Euskadiko txapelketa irabazi ostean, Espainiako areto futbol txapelketan jokatzeko aukera du orain C.D. Debabarrena areto futbol taldeko jubenilen taldeak. Final-zortzirenetako kanporaketak partida bakarrera jokatzen dira eta Cafeteria King Kong taldeari etxean jokatzea egokitu zaio, zozketa egin eta gero. Beraz, Levante UMD taldearen aurka jokatuko dute zapatuan, 16:00etan, Olaizaga kiroldegian.
 Levanteko nagusien taldea lehen mailara igo da aurten, eta jubenil taldeko zenbait jokalarik nagusiekin entrenatu eta jokatzeko aukera izan dute denboraldi honetan. Horrenbestez, maila handiko jokalariak dituen taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak elgoibartarrek. Kanporaketa honetako irabazleak etxean jokatuko du hurrengo kanporaketa. Hortaz, elgoibartarrek aurrera egitea lortzen badute, final-laurdenetako kanporaketa ere etxean jokatuko dute. Aurkaria zein izango den ere badakite, Alaro taldea, Balear Uharteetako txapelduna. Sailkatzea lortzen duten taldeek Sevillan jokatuko dituzte finalerdiak.

1706636789412 Cafeteria King Kong vs Levante, Espainiako txapelketako kanporaketa Olaizaga kiroldegi

1706636789492 Cafeteria King Kong vs Levante, Espainiako txapelketako kanporaketa Olaizaga kiroldegi

Concepto Egile Ligako txapeldunorde
Santurtziren kontra jokatu zuen Concepto Egilek liga txapelketako azken jardunaldia. Elgoibartarrek bigarren postua eta datorren urterako Espainiako Kopako txapelketarako sailkapena zeukaten jokoan. Azkenean, 3-6 izan zen emaitza elgoibartarren alde, eta horri esker, bigarren lekuan amaitu du Concepto Egilek liga txapelketa. Datorren denboraldian, beraz, Espainiako Kopa jokatuko dute.

Gehituz jaia
Duela bi urte hasitako bidetik, areto futbola kalera ekarriko du aurten ere CD Debabarren areto futbol taldeak. Maiatzaren 31ko asteburuan ospatuko dute Gehituz jaia Maalako parkean.