“Gogoeta sakon baten ondoren eta neure borondatez hartutako erabakia da. Esperientzia eta ikaskuntza handiz betetako bizitza-aro bat ixteko unea iritsi dela uste dut, eta ilusioz beteta nago eta gogutsu garai erakargarri berri bati ekiteko”, adierazi du Arrietak erretiroa hartzeko erabakiaren inguruan eman duen prentsaurrekoan.
Hamazazpi urtetako jarduera eta ibilbideaz “harro” dagoela esan du, baina era berean, jarduera hau albora uzteko garaia iritsi dela uste du, “beste eremu eta rol batzuetan garatzeko”. Psikologia ikasketak amaitzear da eta bide horretatik bideratu nahi du bizimodu berria. Alor horretan dituen proiektuei buruzko blog bat ere badauka sarean.
Eibarko Arrate eskubaloi taldeak 1997-98 denboraldian fitxatu zuenetik gaur arte hamazazpi urte eskaini dizkio Arrietak goi mailako eskubaloiari, baina jaso ere egin du, eta eskubaloiak asko eman diola berari aitortu du. “Eskubaloiak, jokalari eta pertsona bezala hazteko aukera handia eskaini dit eta lagun handiak egiteko parada ere izan dut. Eskerrak eman nahi dizkiet ibilbide honetan lagun izan ditudan guztiei”.
•Erretiroa karreraren gorenean
Unai Arrietak eskubaloiko maila gorenean osatu du kirol ibilbidea, eta erretiroa ere karreraren gorenean dagoenean hartuko du. Izan ere, Naturhouse La Rioja taldearen azken bi denboraldiak apartak izan dira. Txapeldunen Liga jokatu dute aurten eta hurrengo urtean ere taldekako munduko eskubaloi lehiaketarik garrantzitsuenean arituko dira, Asobal Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan lortu dute-eta sailkapena. Ligako txapeldunorde izatea lortu dute gainera, ahalguztidun Bartzelonaren atzetik sailkatuta. Arrietak bosgarren denboraldia du aurten Logroñoko taldean. Aurrez, Elgoibarren, J.D. Arraten bi arotan, C.D. Bidasoan beste bi arotan eta Cadagua Galdarren jokatu izan du.