Ane Beitia izango da EAJren hautagaia alkatetzarako

elgoibarren.net 2014ko mai. 16a, 17:07

 
2015eko maiatzean egingo diren Udal Hauteskundeetarako alkategaia aurkeztu du EAJ-PNV alderdiak. Ane Beitia Arrriola (Elgoibar, 1965) izango da jeltzaleen alkategaia.





  2015eko Udal Hauteskundeetarako alkategaia aukeratu zuen atzo Elgoibarko EAJ alderdiaren Uri Buru Batzarrak, eta aho batez onartu zuten Ane Beitia izango dela alderdiaren hautagaia. Horrela eman dute jakitera gaur arratsaldean alkategaia aurkezteko Batzokian eskaini duten prentsaurrekoan. Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberria, Rikardo Garate Hirigintza zinegotzia eta Elgoibarko EAJren batzordeko Uri Buru Batzarreko ordezkari Ana Santolaya izan ditu lagun prentsaurrekoan.

  Elgoibarko alkate izandako Lucio Beitiaren alaba da Ane Beitia. 1983tik 87ra bitartean izan zen Elgoibarko alkate Lucio Beitia. Hartu duen erabakian aitaren babesa jaso duela adierazi du Ane Beitiak. “Animoak eman dizkit, aurrera egiteko eta ahal duenean lagunduko didala”.

  Medikuntzako ikasketak osatu zituen Beitiak eta gaur egun prebentzio eta ergonomia teknikari lanetan dihardu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailean.  2010. urtetik zinegotzia da Elgoibarko Udalean, eta legealdi honetan Euskara eta Barne sailetako arduraduna da. Ezkondua dago eta hiru seme alaben ama da; bi semerena (25 eta 16 urtekoak) eta alaba batena (12 urtekoa)

 Udal Hauteskundeetarako urtebete falta bada ere “erantzukizunez jokatzen dutela erakusteko” aurkeztu dutela orain hautagaia azaldu du azken bi legegintzaldietako alkateak, Alfredo Etxeberriak. Ane Beitiaren izateko eraren berri ere eman du Etxeberriak: “esperientzia dauka, gaitasuna, euskalduna da eta ez zaio izaerarik falta, behar den unetan badaki haserretzen. Hautagai ona izango da”.

1706636787173 Ane Beitia izango da EAJren hautagaia alkatetzarako

1706636787287 Ane Beitia izango da EAJren hautagaia alkatetzarako