Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

elgoibarren.net 2014ko mai. 19a, 11:17

Espainiako kadete emakumezkoen eskubaloi txapelketa jokatu da asteburuan Olaizaga kiroldegian, eta etxeko taldea izan da jaun eta jabe. Tecnifuelle Elgoibarrek jokatu dituen hiru partidak irabazi ditu, eta honenbestez, hurrengo faserako txartela lortu du. Espainiako Eskubaloi Federazioak jakinarazi duenez, La Roca del Vallesen (Bartzelona) jokatuko dute azken fasea kadete mailako zortzi talderik onenek. Bi multzotan banatuta jokatuko da fase hori maiatzaren 28tik ekainaren 1era. Lehen multzoan jokatuko dute elgoibartarrek, Balonmano Zonzamas, Balonmano Morvedre eta Oviedo taldeekin batera.

 
  Espainiako kadete emakumezkoen eskubaloi txapelketako fasea jokatu dute asteburuan. Guztira 32 talde lehiatuko dira, zortzi taldetan banatuta. Elgoibarrek hartu du talde horietako bat, eta barixakua eta domeka bitartean lau talde aritu dira lehian Olaizaga kiroldegian: Tecnifuelle Elgoibar, Errioxako Sporting Oyonesa, Nafarroako Malkaitzen eta Kantabriako BM Pereda. Ligaxka modura jokatu dute txapelketa. Elgoibartarrek jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzten arren, garaipenerako bidea ez da xamurra izan.
Lehen partida lehiatua
 Barixakuan jokatu zuten lehen partidan gol bateko aldeaz (22-21) bakarrik irabazi zieten Kantabriako BM Pereda taldeari. Partida gogorra eta lehiatua izan zen. Lehen zati guztian aurretik joan ziren elgoibartarrak, baina bigarren zatian estutu egin zen markagailua eta aurretik ere jarri ziren kantabriarrak. Alabaina, azken minutura gol bateko abantailaz ailegatu ziren etxekoak, eta kantabriarren azken jaurtiketak zutoinean jo eta gero Tecnifuellek lortu zuen garaipena.
Partida erabakigarria
 Bigarren partidan lehen jardunaldian garaipenak lortu zituzten bi taldeek neurtu zituzten indarrak, Tecnifuellek eta Malkaitzenek, alegia. Nafarrek 26 goleko aldeaz irabazi zuten barixakuan Sporting Oyonesa taldearen aurka jokatu zuten partida. Hortaz, gipuzkoarren eta nafarren arteko lehiako irabazleak fasea irabazteko aukera handiak zituen. Partida serioa jokatu zuten Lorea Gabilondok entrenatzen dituen jokalariek eta 26-28 irabazi zieten nafarrei. Honenbestez, lehen bi jardunaldietan lortutako garaipenei eta emaitzei esker, hurrengo fasea jokatzeko sailkapena lortu zuten elgoibartarrek, azken jardunaldia jokatu bezperan.
Hirugarren partida presiorik gabe
 Sailkapena lortuta, presiorik gabe kantxaratu ziren Tecnifuelleko jokalariak Sporting Oyonesaren aurka domekan jokatu zuten partidara. Irabazteko beharrik ez bazuten ere, aurreko bi partidetako lehiakortasun bera erakutsi zuten elgoibartarrek eta markagailuan islatu zen garaipen gose hori, 30-12 hartu zituzten-eta mendean Oyonesakoak. Errioxarrak garaipenik ezagutu gabe itzuli dira etxera Elgoibartik.
Zortzi talderik onenak azken fasean
  Hortaz, Espainiako txapelketako sektoreko fasea irabazita, Estatuko zortzi talderik onenen artean izango da Tecnifuelle. Gainerako taldeetako emaitzak kontutan hartuta, honako talde hauek lortu dute azken faserako sailkapena: Tecnifuelle Elgoibar, BM Zonzamas, Morro Jable, C.B. Elche, Bm. Base Oviedo, F.H. Roquerol, Balonmano Sanse eta BM Morvedre. Espainiako Eskubaloi Federazioak jakinarazi duenez, Bartzelonako La Roca del Valles eskubaloi taldeak antolatuko du azken fasea. Bi multzotan banatu dituzte sailkatutako zortzi taldeak. Tecnifuelle Elgoibarrek lehen multzoan jokatuko du Balonmano Zonzamas, Balonmano Morvedre eta Oviedo taldeekin batera. Bigarren multzoan jokatuko dute Morro Jable, Balonmano Elche, San Sebastián de los Reyes eta Balonmano La Roca taldeek.
ARGAZKIAK:

1706636786272 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

1706636786391 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

1706636786483 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

1706636786574 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

1706636786662 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

1706636786756 Tecnifuelle Elgoibarrek aurrera egin du Espainiako eskubaloi txapelketan

 
 
*Argazkiak: Sanlo