Debabarreneko Esperientzia Eskola elkartrukerako gunea da. Ikasteko eta gizartean era aktiboan parte hartzeko gogoa duten bailarako 50 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago. Esperientziak trukatzeaz gainera, proiektuak ere lantzen dituzte. Hamargarren promozioan parte hartzen diharduten lagunek esaterako, Elgoibar eta Ermua lotuko dituen bidegorria izan dute aztergai.
•55.000 erabiltzaile potentzial
Esperientzia Eskolako kideek aditzera eman dutenez, Elgoibar eta Ermua arteko bidegorriak hainbat onura eta abantaila ekarriko lituzke. “Bata bestearengandik kilometro oso gutxitara dauden herriak dira Elgoibar, Eibar eta Ermua. Beraz, batetik bestera oinez edo bizikletaz mugitzeko distantziak aproposak dira ia edonorentzat”. Horrez gain, lagun askori eragiten dion proiektua dela nabarmendu dute. “Hiru herrietan bizi diren 55.000 lagun inguruk aterako lioke probetxua bidegorriari, lanera joateko batzuek, aisialdirako besteek, eta, erosketak egitera ondoko herrira joateko beste zenbaitek, errotutako ohitura baita hiru herrietan”. Era berean, bidegorriak ume, gazte zein nagusiek bizimodu osasuntsuagoa egiteko aukerak zabaltzen dituela uste dute. Aipaturiko arrazoi horietan oinarrituta, bidegorria Ermuraino luzatzeko eskaera gizarteratzeari ekin diote. Aldarrikapen horrekin bat egin dute dagoeneko Debabarreneko 20 taldek, eta eskaera honen inguruan herritarrek duten iritzia zein den jakin asmoz, sinadura bilketa kanpaina bat jarri dute abian.
Debabarreneko Esperientzia Eskolakoak astean behin batzen dira Eibarren, baina aste honetako saioak Elgoibarren egingo dituzte, gaur (maiatzak 20) eta bihar. Umorea literaturan gaia landuko dute saio horietan, Jose Domingo adituaren gidaritzapean. Literaturaren inguruan hainbat saio eskaini izan ditu Domingok Esperientziaren Eskola martxan jarri zutenetik hona. Doako saioak izango dien arren, izena ematea komeni dela ohartarazi dute antolatzaileek. Izena emateko esperientziaeskola@adindu.com e-postara mezu bat idatzi edo honako telefono zenbakira deitu: 695 788 936 (Eva Perez de Albeniz)
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibartik Ermuraino, bizikletaz eta trafikorik gabe (2009-11-11)
- Bidegorriak: bata prest eta gehiago bidean (2009-09-17)
- Hasi dira Maltzaga eta Andikano arteko bide gorria egiteko lanak (2009-03-24)
- Bide Gorria egiteko lanak Murias enpresari esleitu dizkio Diputazioak
(2008-11-27 elgoiBARREN.net)
- Urte bukaeran hasiko dira Elgoibar eta Maltzaga arteko bidegorria egiten (2008-05-07 elgoiBARREN.net)
- Atzeratu egin dira bide gorria egiteko lanak (2007-10-24 elgoiBARREN.net)
- Bide gorria egingo dute Andikano eta Maltzaga artean 2007an (2006-11-14 elgoibarren.net)
- Bide Gorriak (Urrutira gabe/Asier Etxaniz)