Maila ona eman dute herriko dantzariek aurresku eta soinu zahar txapelketako finalean

elgoibarren.net 2014ko mai. 20a, 17:20

 
Joan den asteburuan Errenterian eta Legazpin jokatu dituzte aurresku eta soinu zahar txapelketako finalak. Inazio Bereziartua Dantza eta Musika eskolako lau ikaslek parte hartu zuten horietan eta maila onean aritu ziren.

 


1706636781744 Maila ona eman dute herriko dantzariek aurresku eta soinu zahar txapelketako finalean

Eneko Gonzalez eta Gaizka Uranga elgoibartarrek aurresku txapelketako final nagusian dantza egin zuten, joan den zapatuan, Errenteria Kulturgunean. Hamalau dantzarik parte hartu zuten finalean eta Inazio Bereziartua eskolako ordezkariek maila ona eman zutela jakinarazi dute eskolako irakasleek.
 Egun berean jokatu zen Euskadiko Neskatxena Txapelketako finala ere. Neskek Legazpiko Euskal Herria plazan egin zuten dantza. Naroa Lopez eta Nerea Sasian izan ziren Elgoibarko ordezkariak finalean. Urduri xamar aritu ziren arren, dantzariak eurak gustura geratu ziren egindako lanarekin.
 Lezoko bi dantzarik, Ane Espinak eta Leire Amianok, irabazi zuten Euskadiko Neskatxena Txapelketaren 20. edizioa; 7 ea 11 urte artekoen mailan lehenak, eta 12 eta 15 urte bitartekoen mailan bigarrenak.
Elgoibarko dantzariak orain dela hamabost urte hasi ziren aurresku eta soinu zahar txapelketan parte hartzen eta urte guzti hauetan beti esailkatu da elgoibartarren bat finalean dantza egiteko.

Erakustaldia Kalegoen plazan
 Aurresku eta soinu zahar txapelketa parte hartu duten dantzari elgoibartarrek erakustaldia eskainiko dute maiatzaren 31n, zapatua, Elgoibarko Kalegoen plazan (12:30). Txapelketetan dantzatu ohi dituzten doinuekin arituko dira, baina epaileen begirada zorrotzik gabe. 10 eta 18 urte bitarteko dantzariak izango dira.