Debagoienean lau ZIG gela daude: Arrasaten (2), Oñatin eta Bergaran. Debabarrenean bakarra dago, Elgoibarko BHI Institutuan, hain justu ere. Elgoibarko zig ikasleak Eibar, Elgoibar, Mutriku, Mendaro eta Zumaiakoak dira. Bi bailaretako 40 ikasle inguru batu dira gaur Elgoibarren egin duten topaketan. Iaz Bergaran egin zuten eta Arrasaten duela bi urte.
10:30ean zuten hitzordua; Kalegoen plazan. Zentro guztietako ikasleak elkartu ostean, aurreskua dantzatu dute plazan, eta handik udaletxeko pleno aretora igo dira, ongi-etorria egin die-eta han herriko alkateak, Alfredo Etxeberriak. Gaurko egunerako prestatu duten bertso bat elkarrekin abestu eta gero irakasleek prestatutako ginkana batean parte hartu dute ikasleek eta eguerdi partean mokadutxoa jatera joan dira Elgoibarko Gaztetxera.
"Gehienek arazoak izaten dituzte beste pertsona batzuekin, eta baita euren artean ere, harremanak izateko: lotsak, beldurrak... Gaurko topaketa oso onuragarria izan da euren arteko harremanak sendotzeko”, azaldu du Arantzazu Mujika irakasleak.