Elgoibarko anbulatorioak esaterako bi modutara eskaintzen die laguntza tabakoa laga nahi duten erretzaileei: banakako laguntza eta talde terapiak. Banakako laguntza jaso nahi dutenek Jose Antonio Agote erizainarekin egoteko kontsulta ordua eskatu behar dute. Lehenengo eta behin, coximetroaren proba egingo diete erretzaileei, biriketan zenbat karbono monoxido duten neurtzeko. Horren arabera prestatzen ditu gero terapia saioak Agotek. Bi aukera dituzte erretzaileek: aukeratu dezakete botikarik hartu gabe saiatzea tabakoa uzten edo botikekin lagunduta egitea. Hiru bat asteko prozesua izaten da.
Bestalde, talde terapiak Maria Lombardero sendagileak zuzentzen ditu. Bost astekoak izaten dira normalean, eta 10-15 laguneko taldeak izaten dira. Orain ari direnak lau bat aste daramatzate elkarrekin lanean. Terapia hasi eta bukatu bitartean oporraldi luzerik ez izatea komeni denez, iraila aldera arte ez dute beste talderik sortuko.
•Osakidetza: 'Tabakoak kontsumitzaileen erdiak hiltzen ditu'
Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuak aste honetan gogoratu duenez, tabakoa da aurreikusi daitekeen heriotza-kausa nagusia; “tuberkulosiak, HIESak eta paludismoak denak batera baino heriotza gehiago eragiten ditu. Bizi-itxaropenari 15 urte kentzen dizkio, gutxi gorabehera, eta kontsumitzaileen erdiak hiltzen ditu. Biriketako minbizien % 90 tabakoak eragiten ditu, eta hamar heriotzatik, bat”, adierazi du. Era berean, EAEko Osasun Inkestaren arabera, 2012. urteko heriotzen % 12,33 tabakoaren ondorioz gertatu ziren. Tabakoak 2.500 pertsonatik gora hil zituen urte horretan, gehienak gizonezkoak (2.224).
•Tabakoa erretzeari uzten laguntzeko doako telefonoa
Iaz hala ere, nabarmen egin zuen behera erretzaile kopuruak Araban, Bizkaian, eta Gipuzkoan. Osakidetzak erretzeari uzteko dituen programetan parte-hartzea nabarmen handitu zen eta, aste honetatik aurrera, telefono bat ere eskainiko du Jaurlaritzak laguntza modura. Erretzeari utzi nahi dioten pertsonak 94 400 75 73 telefono zenbakia izango dute ekuragarri. (informazio osoagoa: irekia.euskadi.net)