Elgoibarren ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia 2015ean

elgoibarren.net 2014ko eka. 1a, 16:33

Elgoibarko Herri Eskolak eta Kalamua guraso elkarteak antolatuko dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaia datorren urteko ekainean, Balmasedari lekukoa hartuz, -Enkarterrietako bihotzean ospatu dute gaur Euskal Eskola Publikoaren aldeko 24. jaia-. Elgoibarren egingo duten jaiko maskota ere aurkeztu dute: Jata.

 

 Elgoibarko Herri Eskolak eta Euskal Herriko eskola publikoetako Gurasoen Konfederazioak (EHIGE), tartean Kalamuak (Elgoibarko Herri Eskolako gurasoen elkartea) elkarlanean antolatuko dute Euskal Eskola Publikoaren aldeko 24. jaia, datorren urtean, 2015eko ekainean. "Gure eskolaz arro sentitzen gara, ikasle, irakasle eta gurasoen artean makina bat muga gainditu eta erronka guztiei aurre egiten diegulako, elkarri lagunduz, elkarrekin bideak zabalduz. Gure eskola altxorra da guretzat, eta altxor hori partekatzeko asmoz, Euskal Eskola Publikoaren festa antolatuko dugu 2015eko ekainean Elgoibarren", adierazi dute Kalamua guraso elkarteko ordezkariek Balmasedan, han ospatu dute-eta gaur, ekainak 1, Euskal Eskola Publikoaren aldeko 23. jaia, "Gorantz goaz, GO, GO!" lelopean. Lekukoa hartzera joan dira elgoibartarrak (goiko irudian). 
•Gustatzen jata, gustatzen jaku

Jata erlea eta Jaku erletxoak.

Elgoibarko Herri Eskolak eta Kalamua guraso elkarteak urtebete dute dena prestatzeko, baina dagoeneko hasi dira lanean. Ikastetxeak ikasturte bukaerako jaialdian jakinarazi zien ikasle zein gurasoei albistea, joan den astean. Jata erle itxurako maskotaren ahotik jaso zuten berria. "Gure aldarriarekin batera, Jata erlea eta Jaku erletxoak ageri dira, erleak ekosistemarentzat bezain garrantzisuak direlako hezkuntza eta gure eskola gizarte honentzat. Baita taldean bizi eta ikastea gustatzen jakulako ere".
  Elgoibarren antolatuko duten festako leloa ere eman dute jakitera: Gustatzen jata, gustatzen jaku. Euskal Eskola Publikoa. "Gustatzen jaku gure eskola irekia delako, gustatzen jaku gure eskola bakoitzari bere aukera ematen zaiolako, gustatzen jaku gure eskola koloretsua delako eta gustatzen jaku batez ere euskara erakutsi, euskaraz irakatsi eta euskara maitatzen ere erakusten duelako", esan dute aldarriaren esanahiaz.