Elgoibarko eta Mendaroko 19 enpresa ari dira parte hartzen makina-erremintaren biurteko azokan

elgoibarren.net 2014ko eka. 2a, 18:22

Gaur ireki ditu ateak makina-erremintaren biurtekoak Barakaldoko BEC erakustazokan.  Aurten,  1.314 enpresak parte hartuko dute, aurreko aldian baino %12 gehiagok. Elgoibarko eta Mendaroko hainbat enpresek ere badute stand-a azokan, hemeretzik, hain justu ere (2012ko biurtekoan hamalau izan ziren). Azokako erakusketarik handiena, gainera, DanobatGroup-ena izango da, 1.400 metro koadro izango ditu, bi stand-etan banatuta.

 

1706636734972 Elgoibarko eta Mendaroko 19 enpresa ari dira parte hartzen makina-erremintaren biurtek

Gaur zabaldu dute BIEMH erreminta makinaren azoka, eta zapatura bitartean 800 makina aurkeztuko dituzte Barakaldoko BECen. Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratu du biurtekoaren 28. edizioa eta Elgoibar ere izan du hizpide, aurten ospatzen dihardugun makina erremintaren 100. urteurrenaren harira. Elgoibarrek 1946tik 1914ra eta duela ehun urtetik gaur arte izan duen eraldaketa industriala “eredugarria” izan dela nabarmendu du lehendakariak. Elgoibarko Udalak eman dion oroigarria ere eskertu du Urkulluk eskaini duen hitzaldian (ikusi bideoa).
•Azokako zifrak
 Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapiak adierazi duenez, sektore guztietan nabarmentzen ari diren enpresa liderrak, “punta-puntakoak”, batu ditu biurtekoak Barakaldon. “Beraz, BEC munduan kokatuko dugu eta bere jarduerak euskal enpresei eta gizarteari ekarpena egingo die”. Guztira 27 herrialdetako 1.314 enpresek  jarriko dute stand-a azokan. Horietatik %57 atzerritarrak dira, eta 24 herrialdetatik etorritako erosleak espero dituzte AFMko arduradunek. Bertako enpresek ere presentzia handia dute azokan. Enpresa gipuzkoarrek esaterako, 115 stand dituzte, tartean Elgoibarko eta Mendaroko hemeretzi enpresek jarri dituztenak.
 
*Argazkiak: irekia.euskadi.net