250 lagunek egin zuten bizikletaz joan-etorria Sallobentera

elgoibarren.net 2014ko eka. 9a, 19:19

Iaz ez bezala –goian behean bota zuen euria etenik gabe-, bizikleta gainean ibiltzeko eguraldi bikaina izan dute aurten Elgoibar Bi Erroberetan egitasmokoek. Alabaina, antolatzaileen esanetan, eguraldi onegia ere kalterako izan daiteke, beste plan askotarako bide ematen baitu. Horrez gainera, Gure Esku Dagok antolatutako giza katearekin bat egin du aurten Kalamua guraso elkarteak antolatutako ekimenak, eta beldur ziren jendea ez ote zen inguratuko. Azkenean 250 bat lagun inguru batu ziren. (argazki bilduma dauka)

  Izaera lehiakorrik gabeko egitasmoa da Elgoibar Bi Erroberetan. Distantzia laburretan bizikleta erabiltzeko ohitura sustatu nahian antolatu zuten estreinakoz orain dela hamar urte. Aurten, hamargarren edizioan, 250 ume eta heldu batu ziren Kalegoen plazan, Sallobentera bizikleta irteera egiteko asmoarekin. Ibilbideko aldapetan, Ibarrenea parean eta Amabirjinaren aldapan, izerdi dezente bota behar izan zuten parte hartzaileek, bero egiten zuen-eta. Sallobenteraino ur botilak erdi hustuta ailegatu ziren gehienak.
•Jata erlearen laguntza
 Aldapei aurre egiteko, baina, animorik ez zuten faltan igarri, 2015ean Elgoibarren ospatuko den Euskal Eskola Publikoaren jaiko maskotak, Jata erleak, txirrindulariak hauspotu zituen-eta antolatzaileen furgonetatik. Sallobenten atseden txiki bat hartu ostean, berriz jaitsi ziren denak Kalegoen plazaraino, eta mokadua janez berreskuratu zituzten indarrak han; txorixo egosia eta freskagarriak.
 Azken urteetan ohi duten legez, etxeko txikienentzako proba bat ere prestatu zuten Kalamua guraso elkartekoek. Molto motoetan, trizikloetan eta bizikleta txikietan bi itzuli eman zituzten erdiguneko kaleetan barrena. 
•ARGAZKIAK: