Bihotzari eragiteko bi paseo osasungarri Mintxetatik abiatzen dira

elgoibarren.net 2014ko eka. 10a, 13:15

 
Ariketa fisikoa sustatzeko bi ibilbide bihotz-osasungarri prestatu ditu Elgoibarko Udal Kirol Patronatuak Mintxeta inguruan, eta horien berri emateko argibide-taula jarri berri dute Mintxetako Kirol gunearen sarreran. Era berean, Mintxetako aparkalekuan dagoen aire libreko gimnasioan hiru aparailu berri jarri dituzte.

 


 Garbi jateaz gainera, osasuna eta bihotza zaintzeko ariketa egin behar da. Aditu eta medikuen arabera, jarduera onenetako bat da paseatzea eta egunero ibiltzea gomendatzen dute. Hain zuzen ere, ibiltzeko ohitura hori hartzeko sortu dituzte ibilbide bihotz-osasungarriak. Elgoibarren ere badauzkagu era horretako bi ibilbide. Mintxetatik abiatzen dira biak. Batak, instalazio guztia inguratzen du eta 1.150 metroko luzera du. Beste ibilbidea luzetxoagoa da. Bost kilometro eta 200 metroko luzera du, Mintxetatik Salobente-ermuarango ermitara joan-etorria egiteko behar direnak, hain justu ere. Bi ibilbide horien berri ematen duen argibide-taula jarri dute Mintxetako sarreran. Herritarrak ariketa fisikoa egitera animatzeaz gainera, hainbat aholku jasotzen ditu taulak.

1706636715612 Bihotzari eragiteko bi paseo osasungarri Mintxetatik abiatzen dira

Aparailu berriak aire libreko gimnasioan

 Udal Kirol Patronatuak hiru aparailu berri (bizikleta, arrauna eta barrak) jarri zituen joan den barixakuan, Mintxetako aparkalekuan dagoen aire libreko gimnasioan (ondoko argazkian). 60 urtetik gorakoen artean ariketa fisikoa sustatzeko jarritako aparailuak dira, batik bat, Mintxetako aparkalekuan daudenak.