Trinitate jaiak ospatuko dituzte asteburuan Elgoibarren eta Mendaron

elgoibarren.net 2014ko eka. 13a, 11:01

 
Ekintzaz beteriko asteburua izango dugu Elgoibarren eta Mendaron, bi herrietan ospatuko dituzte-eta Trinitate jaiak. (egitaraua dauka)





 Urtero bezala Trinitateetako azoka bereziak hasiko ditu jaiak Elgoibarren. Zapatu goizean Elgoibarko baserrietako produktuak eta abereak jarriko dituzte ikusgai Lekuederren eta Aita Agirre plazan, eta horrekin batera, kalitatezko produktuak dastatzeko aukera ere egongo da. Eguerdian, emakumeen arteko trontza txapelketa eta lokotx biltze erakustaldia egingo dituzte Kalegoen plazan. Zapatu arratsaldean dantza jaialdia eskainiko dute Inazio Bereziartua musika eskolako dantza ikasleek Haritz dantza taldeko kideekin eta Udaleko txistulariekin batera, eta gauean danbor hotsak iritsiko dira.
“Aspaldiko karroza ikusgarrienetakoa”
  Atabal elkarteko Juan Karlos Arrietak aurreratu duenez, “aspaldiko karroza ikusgarrienetakoa” ikusteko aukera izango dute bihar elgoibartarrek. Lau urtean behin Getarian, Juan Sebastian Elkano itsas gizonaren jaioterrian, Elkanoren lehorreratzea antzeztu ohi dute, eta horixe hartu du, hain zuzen ere, gaitzat Atabal elkarteak aurtengo danborradarako.
Atabal elkartearen aurtengo omenduak, berriz, Asier Makazaga zena eta Elgoibarko makina-erreminta izango dira. Asier Makazaga danborradako kidea zen, eta hura gogoan, oroigarri bat emango diete Makazagaren senideei. Omendu nagusia, berriz, makina-erreminta izango da, eta Pedro Ortuondo museoko zuzendariak jasoko du oroigarria.
Domeka goizean, berriz, umeek hartuko dituzte kaleak, eta haien eskutik etorriko dira danbor hotsak eta artisauek euren lanak erakutsiko dituzte Lekuederren.

Trinitateak Mendaron

Trikitilariak 2013ko Trinitate jaietan.

Gaur, San Antonio egunez, hasiko dituzte Mendaron Trinitate jaiak, Bizi-Poza txarangaren kalejirarekin, eta bihar, 17:00etan, jasoko dute arbola. Egunik handienak, baina, domeka eta astelehena izango dira, ohi legez. Domekan, txistularien kalejirarekin hasiko dute eguna, eta meza nagusia izango dute gero,11:30ean. Elizako abesbatzak eta Ameikutz musika eskolako haurrek musikaz eta kantuz jantziko dute meza, eta Josune eta Maite trikitilariek girotuko dute meza ostea. Bitoriano Loiola Ospasek eta sabin Longartek girotu dute urteetan Trinitate jaietako domeka, baina aurten erreleboa hartu diete gazteek.

ARGAZKIAK: 2013ko Trinitate jaiak.