Elgoibarko Herri Eskolak espazio falta arazoa zeukan azken urteetan, eta bost ikasturte egin zituzten umeek patioan egokitutako ikasgela prefabrikatuetan. Obra honi esker, Herri Eskolaren espazio arazoa konponduko dute. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak finantzatu ditu obrak, eta 1,8 milioi euro inguruko aurrekontua izan dute.
Eraikinaren azpiko patio estalian bi solairu egokituko dituzte, eta gune horretan Haur Hezkuntzako ikasleentzako zortzi ikasgela, gimnasioa, psikomotrizitate gela, aldagelak eta komunak egin dituzte. Sortu duten espazio berria “argitsua, zabala eta garbia” dela nabarmendu du Herri Eskolako zuzendari Juan Kruz Zuñigak.
Aurrekoez gain, igogailuaren erabilera gaurko beharretara egokitu dute eta jolasleku berri bat ere eraiki dute, aire librean. Jolasleku horren ondoan dagoen lur zatian, gainera, baratze bat egiteko asmoa dute, ikasleek barazkiak eta landareak ereiten eta zaintzen ikas dezaten.
Espazio berri honi esker, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak bi gunetan banatu ahal izango dituzte, Herri Eskolako arduradunen esanetan. Hala, bitik lau urtera bitarteko umeak gela berrietara eramango dituzte. Hiru eta lau urteko ikasleek Aste Santuko oporralditik bueltan estreinatu zituzten gela berriak, eta bi urtekoek irailean estreinatuko dituzte. Dena dela, bost urteko umeek “Txanpiñoia” moduan ezagutzen duten eraikinean (Urazandiko parkean dago eraikina) jarraituko dute, haientzako lekurik ez baitago eraikin nagusian.
•Patioa handitzeko lanak uztailean
Ikastetxeko sarrera berritu eta patioa handitzeko lanak uztailean hasiko dituzte. Ricardo Garate Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, 177.515 euroko aurrekontua dute lanek (Jaurlaritzak 127.000 euro jarriko ditu eta 50.000 euro Elgoibarko Udalak) eta irailerako, hurrengo ikasturtea hasterako, amaituta egon beharko dute. Gaur egun dagoen sarrerako burdinazko hesia atzerago jarriko dute, eta, hala, 35 bat metro irabaziko ditu ikastetxeko patioak. Bost aparkaleku egingo dituzte ikastetxetik kanpora geratzen den gunean, eta eskola orduetan debekatuta egongo da horietan aparkatzea. Autobusek ere aparkaleku horiek erabiliko dituzte euren joan-etorrietan.
•Azken urteetako hobekuntza lanak
Elgoibarko Herri Eskolak 530 ikasle ditu ikasturte honetan, eta azken urteetan hobekuntza lan handiak egin dituzte ikastetxean azpiegiturak ikasleen beharretara egokitzeko. 2009-2010 ikasturtean patio estalia eraiki zuen Udalak, eta 2012an ikastetxea margotu zuten. Guraso eta irakasleek hasi zituzten margotze lanak, eta Udalak amaitu zituen.
Elgoibarko Herri Eskolak 530 ikasle ditu ikasturte honetan, eta azken urteetan hobekuntza lan handiak egin dituzte ikastetxean azpiegiturak ikasleen beharretara egokitzeko. 2009-2010 ikasturtean patio estalia eraiki zuen Udalak, eta 2012an ikastetxea margotu zuten. Guraso eta irakasleek hasi zituzten margotze lanak, eta Udalak amaitu zituen.
ARGAZKIAK:
|
∞Lotura duten albisteak:
- Herri Eskola handitzeko obrak hilabete amaieran hasiko dituzte (2013-01-10)
- Ondo bidean 2013-2014 ikasturte hasierarako bukatuta izango dituzte Herri Eskola handitzeko obrak (2012-05-31)
- Herri Eskolako umeak bi urtez moduloetan daudela salatu du PPk (2012-02-17)
- Bihar inauguratuko dute Herri Eskolako patio estalia (2010-04-29)
- Herri Eskolako eraikina txiki geratu dela-eta irtenbideak bilatzen ari da Jaurlaritza (2008-02-07)