Kida Events elkarteko David MK eta Khris Rios DJ elgoibartarrek antolatu dute Elgoibar Dance Festival jaialdia, Txarridunaren laguntzaz. Orain dela zazpi urte hasi ziren musika elektronikoari buruzko jaialdia antolatzeko lanetan, baina finantzazio arazoak medio, ezin izan dute orain arte antolatu.
Euskal Herriko antzoki ezagunenetan pintxatzen duten DJak etorriko dira Elgoibarrera. Asko gainera, Elgoibarren ezagunak dira, izan ere, Guass dantzalekuan eman zituzten-eta lehen urratsak. Iñigo Diaz Kriptonita, Patt eta Carlos Gonzalez ezagunak egingo zaizkie elgoibartar askori, eta horiekin batera, Juanan, B. Gutierrez, David MK eta Khris Rios elgoibartarrek ere parte hartuko dute jaialdian, beste hainbat DJrekin batera.
•Eguzkia gai nagusia
15:00etan hasi eta goizaldeko hirurak aldera arte, beraz, musika elektronikoak hartuko du Albitzuriko industrigunea uztailaren 5ean. Egun argiz hasi, eta gaueko iluntasunean amaituko da jaia, eta kontraste horretan oinarrituko dute jaialdiaren xarma. Eguzkia izango da gai nagusia, eta eguzkipean ezer ez da berdin lema erabiliko dute jaialdirako. Belgikako Tomorrowland jaialdira begira jarri dira, eta haren estiloan antolatuko dute eszenatokia. Sorpresak egongo direla aurreratu dute antolatzaileek, eta herritar guztiei egin diete Albitxurira joateko deia.
•Sarrerak, salgai
Sarrerak salgai daude dagoeneko, 15 euroan. Txarridunan, Eibarko Oishi tabernan edo Ermuko Sagarran eros daitezke, eta Internetez edf.ticketbox.es helbidean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira, 18 euroan. Sarrera erosten dutenei kamiseta bana oparituko diete.