San Pedro jaiak ospatuko dituzte Idotorben asteburuan

elgoibarren.net 2014ko eka. 27a, 11:47

 
Gaur iluntzean hasiko dituzte jaiak Idotorben, hango elkartean egingo duten lagunarteko afariarekin. Gauean, 23:00etan, mus txapelketa ere egingo dute. Bihar, larunbata, berriz, Croscountry motor txapelketarekin hasiko dute eguna. Euskadiko txapelketako proba izango da. (egitaraua dauka)



 Euskadiko Croscountry txapelketa jokatuko da bihar (ekainak 28), Idotorbeko jaien barruan. Euskal Herriko eta Espainiako 80 bat motorzalek hartuko dute parte, eta horrez gain, trialsin erakustaldia ere egingo du mutiko batek. Proba hau Euskadiko txapelketarako puntuagarria izango da. 14:00etan egingo dituzte berifikazioak frontoian, eta 16:00etan entrenamendu saioa egingo dute. Lasterketa 17:00etan hasiko da. Gero, 19:00etan banatuko dituzte motor txapelketako sariak, eta bitartean, 17:00etan, bolo txapelketa jokatuko dute bolatokian. Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute arratsalde partea, eta 21:00etan lagunarteko afaria egingo dute, San Pedro jatetxean. Ondoren, erromeria izango dute, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariekin eta goizaldera arte irauten dutenei txokolate beroa banatuko diete antolatzaileek.

San Pedro Eguna, domekan

Idi demak Idotorbeko probatokian.

Domekan izango da egun handia. Ohi legez, meza eta prozesioa izango dira eguneko lehen ekitaldia, eta meza osterako pilota partida antolatu du Lagunak elkarteak. Ondoren, 14:00etan, auzotarren eta jubilatuen bazkaria egingo dute tabernan, eta ordu bererako, paella jana antolatu dute Idotorbeko Jai Batzordekoek, karpan. Arratsaldean umeentzako jolasek, bolo-txapelketak eta idi-demek hartuko dute. Idi-demetan, Javier Arrillaga Altzubarren eibartarraren, Iñaki Oliden oriotarraren eta Roman Elosegi zarauztarraren idiak lehiatuko dira. Egun osoan zehar, Baltzola anaiak arituko dira trikitiarekin giroa berotzen.
 

2014ko San Pedro jaietako egitaraua.