Iritzi kontrajarriak hondakinen gaikako bilketari buruzko datuen irakurketan

elgoibarren.net 2014ko uzt. 3a, 11:42

Elgoibarko EHBilduk hondakinen mahaia eratzeko eskatu dio EAJ eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuari, gaikako bilketak hobera egin beharrean atzera egin duela ohartarazi eta gero. EHBilduk emandako datuen arabera, gaikako hondakinen bilketa kopuruak %10 egin du behera Elgoibarren urteko lehen lauhilekoan. Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatearen iritziz, ordea, Bilduk emandako datua "ez da zuzena, eta are gutxiago zintzoa". Hilabete gutxi batzuen irakurketa okerra egin dutela leporatu die alkateak, eta datuak interpretatzerakoan objetibotasun handiagoa eskatu dio koalizioari.



  Debabarrenako Mankomunitateak plazaratu dituen datuetan oinarrituta, urtarriletik apirilera bitartean gaikako bilketa %10ean jaitsi dela adierazi du Elgoibarko EHBilduk eta une honetan %35,29 birziklatzen dela Elgoibarren (urtarrilean %39,38). Era berean, 2013ko emaitzei begiratuta, Debabarreneko emaitzak Gipuzkoako "eskasenak" izan zirela gaineratu du koalizioak: %29,3.
 Bildukoen hitzetan Gipuzkoa kultur aldaketa bat egiten ari da hondakinak baliogabetzat jotzetik baliabide gisa ikustera, eta Elgoibarrek aldaketa horren partaide aktiboa izan behar duela uste dute. Hori dela-eta, emaitzen jarraipena egiteko eta neurri zuzentzaileak adosteko Hondakinen Lan Taldea eratzea proposatu diote EAJ eta PSE-EEk osatutako Udal Gobernuari. (informazio osoagoa eta grafikoak elgoibar.ehbildu.net webgunean)

 Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak dio hilabete gutxi batzuen irakurketa okerra egin duela Elgoibarko EHBilduk. “Gaikako bilketan %10 murriztu dela esan dute, baina horretarako, Elgoibarko herriaren jarreraren gainean ondorioak atera nahi izan dituzte urte bereko urtarrileko (Gabonak direla eta, hondakin gehien sortzen den hilabetea) eta apirileko datuen kenketa xume baten bidez, eta horrek ez dauka oinarririk, eta ez du erakusten asmo onik, esaten dutenean hondakinen inguruan herriko mahai bat sortzea proposatzen dutela”.
Etxeberriaren iritziz, 2013ko eta 2014ko datuak alderatu behar dira datuen irakurketa “zuzena” egiteko. 2013 eta 2014 urteetako urtarrilean, otsailean, martxoan eta apirilean bildutakoarekin alderatuz gero, Elgoibarko emaitzak 7,5ean hobetu direla dio Etxeberriak. Eta, Elgoibarko EHBilduren “logika” bera erabiliz, eragiketa bera eginez gero, 2013ko urte osoko batez bestekoarekin, Elgoibarko progresioa %11,2koa dela adierazi du.
 Alfredo Etxeberriaren esanetan, bide onetik goazela erakusten dute datuek. “Izan ere, urteko gaikako bilketaren ehunekoak, urte bakoitzaren lehen lauhilekoan bildutakoak eta hondakin organikoen edukiontzi marroian izena emandako familien kopuruak adierazten dute 2016rako aurreikusten den %60ko helburua lortzea posible dela”. Ildo beretik, Gipuzkoako eskualdeetako gaikako bilketa-mailari dagokionez, 2014an Elgoibarren bildutako batez bestekoaren datuekin (%37,4), Elgoibarko herria Gipuzkoako 2013ko batez bestekotik (%38,5) hurbil dagoela nabarmendu du. “Jarrai dezagun egunetik egunera hobetzen, borondatez konbentzituta, eta hondakinak modu arduratsuan kudeatzearen garrantziaz jabetuta”.

1706636650295 Iritzi kontrajarriak hondakinen gaikako bilketari buruzko datuen irakurketan

1706636650355 Iritzi kontrajarriak hondakinen gaikako bilketari buruzko datuen irakurketan