EHBilduk matematikak nahieran erabiltzea gaitzetsi dio Elgoibarko alkateari

elgoibarren.net 2014ko uzt. 4a, 19:02

Hondakinen gaikako bilketaren inguruko emaitzak argitaratu ditu Debabarrenako Mankomunitateak, baina Elgoibarko EHBildu eta Elgoibarko Udal Gobernua ez datoz bat datuak interpretatzerakoan. Aitzitik, iritzi kontrajarriak dituzte, azken egunetan komunikabideei egin dizkieten adierazpenetan islatzen den moduan. Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak emandako azken azalpenen harira, "bi xehetasun matematiko eta oharpen bat" egin dizkio koalizioak alkateari.


 Elgoibarko EHBilduk ez du uste 2013ko eta 2014ko datuak direnik alderatu beharrekoak, hondakinen gaikako bilketaren emaitzak onak ala txarrak diren baloratzeko. Alfredo Etxeberriak emandako azken azalpenen inguruan duten iritzia azaltzeko matematikara jo dute. "Alkateak dio alderatu behar diren datuak 2013ko eta 2014ko datuak direla eta 2014ko urtarriletik apirilerako datuen irakurketa egitea ez dela zuzena. Arrazoia du, helburua urte batetik bestera nola aldatu diren emaitzak ikustea baldin bada. Baina 2014ko emaitzen bilakaera baldin bada aztertu nahi duguna, nola ausartu daiteke oker gabiltzala esatera? Zer proposatzen digu Alfredok, ondorioak ateratzeko abendura arte zain egotea?", dio EHBilduk.
 Prentsa ohar bidez azaldu duten bigarren "xehetasun" matematikoa honakoa da: "urtarrileko emaitzak apirileko emaitzekin konparatzea ez daukala oinarririk esaten du {Alfredo Etxeberriak}, urtarrilean, Gabonak medio, apirilean baino hondakin gehiago sortzen delako. Zertarako pentsatzen du alkateak daudela hain erabiliak diren ehunekoak? Estatistikak apaintzeko edota zuzenean konparatu ezin diren datuak konparatu ahal izateko? Gainera Elgoibarko datuen jaitsiera gure irakurketa okerraren ondorioa balira nola esplikatu epe berean Eibarren eta Soraluzen izandako %2 eta %5eko igoerak?".
  Xehetasun matematikoekin batera, alkateak EHBildukoen "zintzotasuna eta jokaera" zalantzan jarri izana kritikatu du koalizioak. "Ez da lehenengo aldia erabiltzen dituela horrelako deskalifikazioak benetako eztabaida saihesteko asmoz", adierazi dute.

1706636648265 EHBilduk matematikak nahieran erabiltzea gaitzetsi dio Elgoibarko alkateari

Azkenik, EHBilduko ordezkariek hondakinen kudeaketa hobetzeko legealdi honetan egin duten lanaren balorazioa egin dute. Proposamen asko egin dituztela nabarmendu dute. Batzuk orokorrak: jarraipen zorrotza emango litzaiokeen plan orokor bat diseinatzea; eta, besteak, zehatzak: gaikako bilketa sustatzeko partida bat sortzea, sortzen dugun hondakina neurtzea tasak horren arabera kalkulatzeko, auzo-konposta bultzatzea Altzolan esperientzia pilotu bat abian jarriz, auto-konposta saritzea hobarien bitartez, e.a.
 Proposamen guztiak helburu berdinarekin egin dituztela diote, "Elgoibarren ere Europak birziklapenerako ezarri dituen helburuak garaiz beteko ditugula bermatzea".