Nerea Oteizak irabazi du sanbartolomeetako kartel lehiaketa

elgoibarren.net 2014ko uzt. 10a, 12:49

 
Aitziber Dominguezi, azken hiru edizioetako irabazleari, lekukoa hartuz, Nerea Oteiza eibartarrak aurkeztutako “Kolore jaia plazan” izeneko lanak irabazi du aurtengo San Bartolome jaietako programaren azala aukeratzeko lehiaketa.

 

Kartel irabazlea.

Aurten zazpi lan aurkeztu dira Elgoibarko Udalak antolatzen duen kartel lehiaketara, aurreko urteetan baino dezente gutxiago, iaz 24 lan eta duela bi urte 13 lan aurkeztu ziren-eta. Epaimahaikideen iritziz, Nerea Oteiza Zubiaurrek {goiko argazkian eskuman} aurkeztutako lana izan da onena, eta 700 euroko saria jasoko du. Abuztuaren 22an egingo dute sari banaketa ekitaldia, Kultur Etxeko erakusketa gelan (19:30).
 Honakoa ez da Oteizak irabazten duen estreinako kartel lehiaketa. Urrutira jan gabe, 2013ko Trinitate jaietarako nagusien danborrada iragartzeko zazpigarren kartel lehiaketa irabazi zuen iaz.

•Haurren kartel lehiaketa
Elgoibarko Udalak, era berean, hainbat sari emango dizkie haurrentzako kartel lehiaketara lanak aurkeztu dituzten sei egileei. Honako hauek dira sarituak:
  • Eider Cerdeira Iranzo (12 urte)
  • Maddi Zabala Larreategi (9 urte)
  • Xabi Goñi Orozko (9 urte)
  • Haritz Vallejo Caballero (9 urte)
  • Sare Sanz Ibarluzea (8 urte)
  • Elur Esnaola Arregi (5 urte)