1936ko gerran San Migeleko borrokaldietan hil zituzten gudari eta milizianoei gorazarre egiteko ekitaldia egin zuten atzo (uztailak 13) Aiastian, hildako gudarien senitartekoen parte hartzearekin. Elgoibarko Udalak, Bizkaiko zenbait udalekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean, abian ipini duen “asmo handiko oroitzarre-ekitaldiaren” barruan antolatu zuten atzoko omenaldia.
“Goazen gudari danok… askatasun-bidean. Zirardamendi, Aiastia (San Migel), Elgoibar, 1936” izena jarri diote egitasmoari eta irailerako antolatu dituzte ekitaldi nagusiak, Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak atzoko ekitaldian jakitera eman zuenez. {egitaraua beherago}
•Hildako gudarien identitateak
EHUko BIOMICs-eko ikertzaile-talde batek dagoeneko zehaztu ditu, Aranzadiko arkeologoek Zirardamendin aurkitutako hobi komun batetik 2012ko ekainean deshobiratutako gudarietako biren identitateak. Sabin Atutxa Olabarri getxoztarra eta Eusebio Gaubeka Gibelondo gudari boluntarioenak, hain justu ere. Biak ziren Arana Goiri batailoiko Garaizabal konpainiako kideak. Bilboko Patronaton egindako instrukzio gogor baten ostean, Zirardamendin hil zituzten 1936ko irailaren 25ean. Gorpuzkinen DNAk aztertu ostean lortu zituzten identifikatzea, senide zuzen zenbaiten identitate-adierazle biologikoekin erkatuak izan ondoren. Beste gudari biren gorpuzkinak ezin izan dira identifikatu, azterketa genetikoak egin diren arren Bizkaia eta Gipuzkoa bitarteko mugako inguru horretan galdutako beste boluntario batzuen senideekin. Gudu-leku horretan 36ko irailaren 25ean gutxienez 13 gudari gazte hil ziren, Leioa, Erandio, Mungia, Getxo, Barakaldo, Santurtzi, Portugalete, Barakaldo eta Bilbokoak.
•Ibilbide bera
Atzo, gudari haien hogeita hamar bat senidek, gudariek eurek 1936ko irailaren 24an egin zuten ibilbide berdina egin zuten, hau da: Patronatotik, Bilboko Zazpikaleak auzotik, irten eta Aiastiako (San Migel) fronteraino: Atxuri – Durango – Eibar – Ermua – Mallabia – Trabakua – Markina – Urkaregi - Aiastia. Gudari haien zenbait belaunalditako senide batzuek parte hartu zuten; zehazki, honako hauenak; Sabin Atutxa Olabarri (Getxo), Eusebio Gaubeka Gibelondo (Leioa), Juan Agirre Bilbao (Erandio), Félix Arbulu Bilbao (Santurtzi) eta José Ramón Pellejero Esnaola (Abando).
“Elgoibar 1936” elkartearen ekimenez eta Eusko Jaurlaritzak bultzatuta, 2012ko ekainaren 12an Aranzadi Zientzia Elkarteak, gudu hartan hildako gudariak lurperatuak izan ziren hobi komun bat hustu zuen Zirardamendin.
Diputatuen Kongresuan eledun den Aitor Esteban, Zirardamendin hildako gudarietako baten, Sabin Atutxaren, senidea da, eta, era berean, sakon ikertu ditu San Migelen jazotako borrokaldiak. 1936an han zer gertatu zen, eta 1982an egin zen beste hobi-hustutze baten kasua gogora ekarri zituen Estebanek atzoko ekitaldian. 1982ko deshobiratzean sei gudariren gorpuzkinak agertu ziren, baina ezin izan zituzten identifikatu, sasoi hartan ez zegoelako gaur adinako ezagutzarik DNAa aztertzeko, nahiz eta haien kide zirenek uste zuten Bilboko Begoñako Batzokiko sei boluntariorenak zirela.
•Iraileko ekitaldien egitaraua:
- Irailaren 4an, Elgoibarko Kultur Etxean “GOAZEN GUDARI DANOK… Askatasun-bidean Zirardamendi, Aiastia (San Migel), Elgoibar 1936 En defensa de la libertad” erakusketa ibiltaria inauguratuko da.
- Irailaren 15ean, liburu bat aurkeztuko dute Kultur Etxean (erakusketaren izenburu bera izango du); dibulgazio historikoko lana da eta EHUko Patxi Juaristi, Josu Txueka eta Francisco Etxeberria irakasleek eta Sabino Arana Fundazioaren kolaboratzaile diren Aitor Estebanek eta Iñaki Goioganak idatzi dute.
- Irailaren 18an, Elgoibarko Herri Antzokian, “Gopazen gudari danok...” dokumentala estreinatuko da.
- Irailaren 21ean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru, gorazarrea egingo zaie 36ko gudariei honako ekitaldi hauekin: lore-eskaintza gudarien hobien aurrean; Ertzaintzaren musika-bandaren emanaldia, eta Gernikako Arbolaren kimu bat landatzea.
∞Lotura duten albisteak:
- 'Goazen gudari danok...' dokumentala grabatzen izan dira gaur Aiastian (2014-07-10)
- Zirardamendin deshobiratutako bi gudari identifikatu ditu Aranzadik (2014-01-27)
- Pako Etxeberriaren hitzaldiaren bideoa (2013-10-02)
- Zirardamendiko lau gudariak omendu dituzte, 76 urte eta gero (2012-06-18)
- Zirardamendin agertu diren lau gudarien gorpuzkiak hobitik aterako dituzte zapatuan (2012-06-14)
- Ziardamendin orain dela 75 urte hildako gudariak omendu dituzte (2011-09-28)
- 21 izar, gerran fusilatutako elgoibartarren omenez (2010-11-08)
- 1936ko irailaren 21ean Faxistak Elgoibarren sartu zireneko argazkiak (2009-02-24)
- Elgoibar1936 elkarteak txalotu egin du Udalak memoria historikoaren gainean onartutako akordioa (2008-12-02)
- Gerrate Zibilean lurperatutako gorpuak bilatzeko laguntza eskainiko du Udalak (2008-11-27)
- Ikur eta irudi frankistak kentzeko eskatu dio Elgoibar1936 elkarteak Udalari (2008-04-04 elgoiBARREN.net)
- Gerra zibilean fusilatutako miliziano baten hezurrak aurkitu ditu 'elgoibar1936' taldeak (2007-12-19)
- elgoibar1936.com blogean memoria historikoa berreskuratuko dute (2007-11-21 elgoiBARREN.net)