Etxean aritu arren, Mendaroko giza-proba taldeak ez zuen bere maila eman eta lehian aritu ziren beste bi taldeengandik urrun geratu ziren, 45 plaza, zinta 1 eta 3,55 metro eginda (ikus sailkapena). Berrogei kiloko gainkarga eraman behar izan zuten mendaroarrek, aurreko kanporaketan behar baino pisu gehiago eman zutelako taldekideek baskulan. Araututako pisutik gora emandako kilo bakoitza beste kilo bateko gainkargarekin zigortzen dute. Horrez gainera, berriz zigor ez zitzaten, soberan zituzten kiloak argaldu behar izan dituzte astebetean, eta, dirudienez, kiloekin batera joan zitzaizkien indarrak ere. Honenbestez, finalerako sailkatu dira Andutz-Itziar eta Heldu-Orio taldeak, biak 7 punturekin. Hirugarren postuan, eta ondorioz finaletik kanpo, Mendaroko taldea gelditu da, 4 punturekin. Finala Aiako probalekuan jokatuko dute abuztuaren 3an. Itziartar eta oriotarrekin batera arituko dira finalean Berrobi eta Deba Garaiako taldeak.
Jendetza batu zen Garagartzako plazaren bueltan eta jai giroan joan zen giza proba saioa. Jai giroak gainera, jarraipena izan zuen saioaren amaieran, Mendaroko batukada taldekoak estreinakoz irten ziren-eta kalera, kalejiran.
•ARGAZKIAK:
∞Lotura duten albisteak: