Arkaitz Iruretak idatzitako artikuluak eztabaida piztu du sarean

elgoibarren.net 2014ko uzt. 17a, 11:32

Arkaitz Irureta blogari elgoibartarraren Zumaya Flysch Trail, Copa de España artikuluak eztabaida piztu du sarean eta oihartzun handia izaten ari da. Iruretak gogorarazi du Euskal Herriko lasterkariei euskal selekzioan parte hartzea debekatu izan zaiela, eta ohartarazi du halako txapelketek "atzeraka" eginarazten dutela berezko selekzio baten aldeko borrokan. Horiek hala, boikoterako deia egiten die euskal kirolariei.


 Txapelketa asko jokatzen dira Euskal Herrian Espainiako Kirol Federazioak antolatuta. Azkena, domekan Zumaian jokatu zen mendi lasterketen Espainiako Kopa {Maite Maiora mendaroarrak irabazi zuen}. Gai honen inguruan duen iritzia plazaratu du, beste behin ere, Arkaitz Iruretak Berriaren Ibilkari blogean. “Gurean, Espainiako selekzioaren kontra izan gara beti, gure lasterkarieri askatasunez Euskal Selekzioan parte hartzea debekatu zaielako, eta Euskal Herrian Espainiako lasterketak (Espainiako txirrindulari itzulia eta abar) egitearen kontra egon izan gara”, idatzi du.
 Iruretaren iritziz, atzerapauso nabarmenak gertatzen ari dira bide honetan. “Badirudi dagoeneko kontran egon ez eta gainera Espainiako lasterketak Euskal Herrian egiteaz harro gaudela. Eta lasterkari batzuk, horrekin ados egon ez arren, lasterketa hauetan parte hartzera joaten direla”. “Asimilazio” egoera horri aurre egiteko boikoterako deia egiten die Iruretak euskal kirolariei. “Lasterkarion partetik boikotaren boterea gutxiesten dugula iruditzen zait; Ados ez bazaude, ez joan!”, dio Zumaya Flysch Trail, Copa de España iritzi artikuluan.

 Iruretaren deialdiak oihartzun zabala izan du eta eztabaida piztu du sarean, eta era guztietako erantzunak jaso ditu. Berria egunkariak inkesta bat ere jarri du martxan: Espainiako txapelketei boikota?. (informazio osoagoa Berrian)
  • Ainhoa Lendinezek ere gai hau izan du hizpide elgoiBARREN.net atarian duen blogean idatzi duen azken sarreran: Zumaya.