Gazaren aurkako erasoak berehala gelditzeko eskatzen duen mozioa onartu du Elgoibarko Udalak

elgoibarren.net 2014ko uzt. 18a, 11:59

Israelek palestinar biztanleriaren kontra Gazan eginiko azken erasoak gaitzesten dituen premiazko mozioa aurkeztu zuen Elgoibarko EHBilduk atzoko udalbatzarrean, eta aho batez onartu zuten. Era berean, hainbat herritarrek palestinarrei babesa eskaintzeko elkarretaratzean hartu zuten parte atzo arratsaldean Kalebarren plazan (ondoko argazkian)


 Hiru gazte israeldarren desagerpen eta heriotza "tragikoaren" ondotik, palestinar biztanleriaren kontrako zigor kolektibo bat ari dela burutzen dio EHBilduk aurkeztutako mozioak.

 Israelek Gazaren kontra burututako erabateko erasoak, "proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak" urratzen dituela jasotzen du mozioak. Ildo beretik, ezer konpontzetik urrun erasook lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango dela dio.
 Horiek horrela, Elgoibarko Udalak aho batez onartutako mozioak bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko "urgentziazko deia" egiten du, eta NBEren ebazpenetan oinarrituriko, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berresten du. Baita Giza Eskubideen errespetu osoa kasu guztietan ere.

Palestinari buruzko hitzaldia uztailaren 23an

Palestinarren aurkako erasoak salatzeko batu dira hainbat herritar Kalebarren plazan.

Azken asteotako gertaera “larriak” ikusita, eta Nazio Batuen Erakundeak 2014a Palestinarekiko elkartasun urtea izendatu duela kontuan hartuta, Palestinako egungo egoerari buruzko hitzaldia antolatu du Arnaldo Askatu plataformak, uztailaren 23rako. Koldo Sagasti Palestinan aditua, Euskal Herria-Palestina Sareko kidea eta UHINtifada irrati saioko gidaria Hala Bedi Irratia) izango da hizlarietako bat, eta bestea, Javi Dominguez kirolaria (Ehunmilak proba irabazi berri du), zientzialaria eta Palestinan brigadista ibilitakoa. Kultur Etxean izango da hitzaldia, 19:00etatik aurrera.
 
*Argazkiak: I. Bengoetxea.