Alberto Agirreazaldegi: “Bizikleta martxa bat antolatu dugu Hodei Egiluzen familiari babesa emateko"

elgoibarren.net 2014ko uzt. 22a, 18:40

Bizikletan ibiltzea gustuko duen lagun talde batek, tartean Alberto Agirreazaldegik , 2013ko urriaren 19an Anberesen desagertutako Hodei Egiluz gazte galdakoztarraren aldeko bizikleta martxa antolatu du. Txirrindulariek Holanda eta Belgikako hainbat hiri igaroko dituzte, eta bidean Hodei Egiluzen desagerpenaren inguruko informazioa banatuko dute.


  Bizikleta martxa egiteko ideia izan ostean Hodei Bila elkartearekin eta Hodei Egiluzen gurasoekin harremanetan jarri zirela azaldu du Alberto Agirreazaldegik. “Ondo hartu zuten gure ekimena eta bizikleta martxa antolatzeari ekin genion", azaldu du. Ahal duten neurrian familiari laguntzea da euren asmoa, semea desagertu zitzaienetik nahikoa "desgrazia" dutela-eta.

Hodei Egiluzen desagerpenaren berri ematen duen afixa.

Datak eta ibilbidea guztiz zehaztuta ez dituzten arren, abuztuaren 18tik 30era bitartean Holandan eta Belgikan bizikletaz ibiltzeko asmoa dute. Anberes, Breda, Rotterdam, Haga, Roosendaal eta Brujas hiriak igaroko dituzte. "Han ibilita, herriz herri eta hiriz hiri, Hodei Egiluzen desagerpenaren inguruko informazioa banatu nahi dugu eskuz esku", dio Agirreazaldegik. Era berean, kasuak hedabideetan ahalik eta oihartzunik handiena lortzea eta gaia eguneroko agendan presente egon dadila nahi dute.
Egiluz 2013ko apirilean joan zen Anberesera, bertako Createlli enpresan lan praktikak egiteko. Ekainean, lan kontratu bat eskaini zioten. Urriaren 19an ikusi zuten azken aldiz, hiriaren iparraldean. Egiluz desagertu eta gutxira, Galdakaoko Hodei Bila elkarteak ekimen ugari antolatu ditu gaztea aurkitzeko ikerketa bertan behera gelditu ez dadin.
Ibilbide laua eta erraza

1706636591406 Alberto Agirreazaldegi: “Bizikleta martxa bat antolatu dugu Hodei Egiluzen familiari b

Edonork egin dezake bat Anberesetik abiatuko den ekimenarekin. "Ez da txirrindalurientzako prestatutako ibilbidea, txirrindu zaleentzako baizik. Lasai lasai ibiliko gara, egunean 80 bat kilometro eginez, ibilbide erabat lauetan eta bide gorrietatik gehienetan, bide-gorri sare bikaina dute eta herrialde batak zein besteak". Aterpetxeetan edo kanpinetan egingo dituzte gauak eta laguntza-furgoneta bat ere izango dute seguruenez.
Uztailaren 30a baino lehen eman beharko da izena ekimenean parte hartzeko, eta txirrindulariek euren kabuz gerturatu beharko dute Bruselaraino. Taldearekin bat egin eta itzulia eman ostean, etxerako bidea ere nahi duten garraiobidean egingo dute.
Bizikleta martxaren kontakizuna
 Alberto Agirreazaldegiren Ibiltarixanak blogean aurkituko duzue informazio osoagoa. Belgika eta Holandan barrena egingo duten bizikleta martxaren nondik norakoen berri idazteko asmoa dauka blogean.