Gerardo Arriola 'Pitxirri' pilotariari eskainitako iturria jarriko dute Giza Eskubideen parkean

elgoibarren.net 2014ko uzt. 23a, 19:30

Pilotaria eta pilotagilea izan zen Gerardo Arriola Sarasketa (Elgoibar, 1889-1979). Bi goitizen zituen: Pitxirri eta Baraterua, eta oso ezaguna zen herrian Kalegoen plazako frontoian jokatu ahal izateko pilotak egin eta alokatzen zituelako. Ibaira erortzen ziren pilotak berreskuratzeko erabiltzen zuen egurrezko txanelagatik ere ezaguna zen. Elgoibarko Udalak bere omenezko iturria jarriko du Giza Eskubideen parkean.



1706636588379 Gerardo Arriola 'Pitxirri' pilotariari eskainitako iturria jarriko dute Giza Eskubidee

Giza eskubideen parkean, Gernikako urtadarraren ondoan, zegoen iturria lekuz aldatzea erabaki du Elgoibarko Udalak. Udal agintarien esanetan, hainbat ekintza oztopatzen zituen iturriaren kokalekuak. Hori dela-eta, parkearen albo batera lekuz aldatuko dute iturria. Dagoeneko kendu dute iturria bere lekutik eta prestatu dute iturriarentzako kokagune berria (ondoko argazkian).
Gerardo Arriolaren omenez
  Leku aldaketarekin batera, iturria Kalegoen plazarekin harreman estua izan zuen elgoibartar bati eskaintzea erabaki dute, Gerardo Arriola Pitxirri pilotariari, hain justu ere. San Bartolome bezpera egunean inauguratuko dute iturri berria, txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago. Arriolaren bizitzari buruzko hainbat datu azaltzen dituen plaka bat izango du iturriak. Plakan idatzita dago pilotaria izan zela Pitxirri 19 urtetik 44 urtera bitartean, eta garai hartako pilotaririk ospetsuenen aurka jokatu zuen: Atano III.a, Errasti, Txaparta, Estarta, Baltasar, Zapateriko eta Mondragones. Urte askoan, azken honen bikotekide izan zen.

Bojas, Pitxirri, Azkoitiko Txikia eta Azkoitiko Txikito pilotariak, Azkoitiko Goiko Losa pilotalekuan.Arg: Indalecio Ojanguren.

{mosimage}
Pilotagile eta kantxa-zain
  Erretiroa hartu eta pilotari izateari laga zionean, Elgoibarko frontoiko kantxa-zain lanetan aritu zen. Aurretik, haren anaia Vicente eta aita aritu ziren lan horretan. Kantxa-zain izan zen bitartean, pilotagilea ere izan zen. Batzuetan pilotak Azkoititik ekartzen zituen eta etxean bertan egiten zituen besteetan. Koldo Lizarralderen Kalegoengo Frontoi Zaharra liburuan jasota dagoenez, pilota horiekin Kalegoen plazako frontoian jokatu ahal izateko, Gerardok berak ematen zuen ‘alternatiba’. Baraterua ere esaten zioten Gerardo Arriolari, plazaren ertz batean denda zeukalako {gaur egun Mahats ardotegia dago}.

Veneziako gondoleroen pare

1706636588538 Gerardo Arriola 'Pitxirri' pilotariari eskainitako iturria jarriko dute Giza Eskubidee

Javier Galdos zenak honela gogoratu zuen Baraterua BARREN aldizkariari 2003an eskaini zion elkarrizketan: "Harizko edo trapuzko pilota traketsekin jokatzen genuen plazan. Ganorazko pilotekin jokatu nahi izanez gero, Gerardo Arriola Barateruari alokatu bihar izaten genizkion pilotak eta erabilitako denboraren arabera kobratzen zigun. Etxeko atarian edukitzen zituen pilotak, eguzkitan goxatzen".
  Sasoi hartan ere ohikoa zen pilotak ibaira jaustea, eta Barateruak berreskuratzen zituen horiek, baina horretarako, frontisaren atzealdean lotuta egoten zen ontzi txikia eta makila luze bat erabiltzen zituen. Honela gogoratzen zuen Javier Galdosek: "Barateruak errekatik pilotak berreskuratzeko egurrezko txanela bat zuen eta makila handi batekin egiten zion bultza hari, Veneziako gondoleroek egiten duten moduan. Mutil indartsuek pilotan jokatzen zutenean Baraterua dardarka hasten zen. Batzuetan nahita botatzen zituzten pilotak errekara, gustuko pilota ez bazen".

'Baraterua'k pilotak berreskuratzeko erabiltzen zuen txanela ibaian, eskuinean.

Gerardo Arriola, eserita, eskuinetik lehena, Baltasar elkartean 1969an ateratako argazkian.

Pilotari trebea eta maltzurra
  Pilotari profesional izan zen garaian zituen dohainen berri ere ematen du Koldo Lizarraldek Kalegoengo frontoiari buruzko liburuan. "Trebea eta maltzurra, baina baldarra omen zen. Bere itxurari erreparatuta nekez ikus zitezkeen Pitxirrik pilotarako zituen dohain bikainak. Txapela beti bekainetara arte erorita eramaten zuen. Aparta zen aurkarien akatsak aprobetzen. Askoz hobeto moldatzen zen aurrelari lanetan atzelari baino".
1979an hil zen Gerardo Arriola, 90 urte zituela.