Maite Maiora txapeldunorde geratu da kilometro bertikalen Espainiako Txapelketan

elgoibarren.net 2014ko uzt. 28a, 14:02

Herriko jaiei hasiera eman zien txupina piztu eta Leonera joan zen Maite Maiora, kilometro bertikalen Espainiako txapelketan parte hartzera. Ahaleginak merezi izan zuen eta bigarren postua eskuratu zuen antxitxikari mendaroarrak. Iñigo Lariz elgoibartarrak ere parte hartu zuen proban, baina ezin izan zion iaz lortutako tituluari eutsi.



Kilometro bertikalen Espainiako txapelketako podiuma.

Cereisaleuko kilometro bertikala jokatu zen zapatuan, uztailaren 26an, Palacios de Silen (Gaztela Leon, Espainia). Kilometro bertikalen Koparako proba puntuagarria izateaz gainera, Espainiako txapelketa zen. Parte hartzaileek 950 metro igo behar zituzten 3,9 kilometroko ibilbidean. Emakumezkoen proban Vanessa Ortega izan zen azkarrena, 46:27 denborarekin. Irabazlearengandik hamar segundora ailegatu zen helmugara Maite Maiora eta Azara Garcia de los Salmones sailkatu zen hirugarren postuan (48:10). Sasoi betean dago Maiora, joan den astean hirugarren postua lortu zuen eta Italian, Canazeiko 22 kilometroko proban (informazio osoagoa).

Larizek ezin tituluari eutsi
 Iaz Alacanten lortu zuen titulua errepikatzeko asmoz joan zen Iñigo Lariz Leonera, baina gauzak ez zitzaizkion berak nahi bezala irten.  “Lasterketa txarra” egin zuela onartu du korrikalari elgoibartarrak, eta ondorioz, lehen postuetatik urrun ibili zen. 11. postuan sailkatu zen Lariz, irabazlearengandik lau minutu eta 38 segundora. Saul Antonio Padua kolonbiarrak irabazi zuen proba (36:33). Espainiako txapelketari dagokionez, Kataluniako selekzioa ordezkatu zuen Jessed Hernandez izan zen irabazlea (37:35). (sailkapen osoa)