Azken urteetan baino aurrekontu handiagoa izango dute sanbartolomeek

elgoibarren.net 2014ko uzt. 28a, 23:47

2014ko San Bartolome jaietako egitaraua aurkeztu du Elgoibarko Udalak, eta jaietako aurrekontuaren berri ere eman du. Azken urteetako murrizketei amaiera eman eta 171.000 euroko aurrekontua izango dute aurtengo festek, iaz baino 29.000 euro gehiago. Gatibu, Gose edo Belako moduko musika talde ezagunak ekarriko dituztela nabarmendu dute udal agintariek, kaleko ikuskizunak indartzeko ahaleginaren barruan. (egitaraua dauka)


  Elgoibarko Udalak 2009ko San Bartolome jaietatik ez zuen halako diru kopururik bideratu  jaiak antolatzeko. 214.000 eurokoa izan zen orduan aurrekontua eta 171.000 eurorekin osatuko dute aurten egitaraua.

Blanka Salegi, Alfredo Etxeberria eta Amaia Txurruka.

Kaleko ikuskizunak indartu eta "kalitatezko ekintzei" bultzada ematearen ondorioz handitu dutela aurrekontua adierazi du Elgoibarko alkate Alfredo Etxeberriak. San Bartolome bezpera egunerako antolatu duten kontzertua jarri du adibidetzat Amaia Txurruka kultura zinegotziak. "Bezpera egunean musika talde potenteak ekartzeko ohitura berreskuratu nahi izan dugu Gatibuk eskainiko duen kontzertuarekin". Alex Sarduik gidatzen duen taldearen telonero lanetan arituko da Seguro dental taldea. Galiziatik etorriko diren arren, elgoibartar bat dute taldekideen artean, Mikel Anakabe, hain justu ere. Kalegoen plazan eskainiko dute kontzertua. Gazteen Egunean, berriz, Gose eta Belako taldeek eskainiko dute kontzertua Maalako parkean.
 Musikarekin batera, ikuskizun eszenikoek hartuko dituzte kaleak jaietan. Abuztuaren 24an bikoitza izango da eskaintza. Zirkuaren munduan oinarritutako Atlantes ikuskizunak kalejiran zeharkatuko ditu Elgoibarko kaleak arratsaldean, eta gauean Candore ikuskizunaren emanaldia eskainiko du Bambolea konpainiak Kalegoen plazan. Ikuskizuna hasi aurretik, su, argi eta musika ikuskizuna eskainiko du Astondoa etxeak San Bartolome parrokian, duela urte batzuk egin zuten moduan.
•Emakumeak eta industria
 Gainerakoan, Elgoibarko emakumeak eta industriari buruzko erakusketa, Bizitza bat, hamaika lan izenekoa, nabarmendu dute udal agintariek. Makina erremintaren mendeurrenaren harira antolatu dute eta abuztuaren 22an inauguratuko dute. Irailaren 20ra arte egongo da ikusgai Kultur Etxeko sotoan.
Soka dantzak ere leku berezia izango du, beste behin ere, San Bartolome jaietan. Izan ere, 1964ko abuztuaren 24an, soka-dantza estreinakoz dantzatu zuten Ongarri elkarteko dantzari eta txistulariak omenduko ditu Udalak, 50 urte pasatu direla-eta. Soka-dantzan parte hartzeaz gainera, bezpera egunean egiten den Salbean ere hartuko dute parte, agintariekin batera.
 Abuztuaren 23an hasiko dira jaiak ofizialki, historiagileek udaletxeko balkoitik piztuko duten txupinarekin.
  Aurten ere bi asteburutan ospatuko ditugu jaiak eta hiru sokamuturra izango dira: Txiki Egunean, Gazteen Egunean eta Jubilatuen egunean.