Arribiribiletako monumentu megalitikoa menhir bat da, eta ez dolmen bat, orain arte uste zen bezala. Aranzadi Zientzia elkarteko ikerlariek jakinarazi dutenez, Historiaurreko jatorria duen menhir hau zutik zegoen duela 4.000 urte inguru eta ondoren lurrera erori edo eraitsi egin zuten. Elgoibar, Soraluze eta Bergara artean dago Arribiribiletako menhirra, Irukurutzeta eta Kurutzebakar gailurren artean, hain justu ere. Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen 1921. urtean. 3,60 metro luze, 1,70 metro zabal eta 0,40 metro lodi den basaltozko harri-bloke handia.
Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalen, Debegesa Garapen Agentziaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez altxatu dute menhirra, Aranzadikoen laguntzaz. Izan ere, berreskurapen honekin balioan jarri nahi dute Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa eta Dolmenen Ibilbidea. Era berean, ekimen honen barruan, Udazkena Dolmenen ibilbidean izeneko programa antolatu dute, eta lehenengo ekintza irailaren 14an egingo dute. 11:30ean batuko dira Irukurutzetako tontorraren inguruan, eta erromeria egingo dute. Elgoibar, Soraluze eta Bergarako mendi taldeek eta beste hainbat elkartek hartuko dute parte, eta besteak beste, dantzari eta txistulariak arituko dira, harrentzako jolasak egingo dituzte eta hamaiketakoa eskainiko dute.
•Bisita gidatuak
Bisita gidatuak ere egingo dituzte ondarea hobeto ezagutarazteko asmoarekin. Guztira lau irteera antolatu dira, horietako hiru euskaraz (irailak 21 eta 28, eta urriak 12) eta beste bat gazteleraz (urriak 5). Irteerak doan izan arren aldez aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da. Parte hartu nahi duten herritarrek bi telefono hauetako batera deitu behar dute izena emateko: 695 783 656 / 943 779 128. Informazio gehiago: www.debabarrenaturismo.com.