Sigmako pasabidea eraisteko lanak direla-eta, trafikoa moztuta egongo da

elgoibarren.net 2014ko ira. 5a, 10:09

 
Olaso industriagunea eta Sigma auzoa elkartzen dituen oinezkoentzako pasabidea eraisteko lanak hasiko dituzte gaur, irailak 5. 20:00etan hasiko dituzte lanak eta gau guztian jardungo dute langileek beharrean. Lanek irauten duten bitartean trafikoa moztuta egongo da 634 errepidean.



 Sigma auzoan 634 errepidea gurutzatzeko oinezkoentzako pasabidea bota eta berria eraikiko dute. Udaleko arduradunek lanak ekainean hastea aurreikusten bazuten ere, gaur hasiko dituzte pasabide zaharra eraisteko lanak, eta lanek irauten duten bitartean Olaso industriagunetik desbideratuko dute trafikoa, zirkulazioaren noranzko bietan. Gau guztian arituko direla lanean aurreikusten dute. 
 Era berean, oinezkoak errepidearen alde batetik bestera pasatu ahal izateko, semaforoz erregulatutako behin-behineko zebrabide bat jarriko dute, Donostiarako noranzkoan dagoen errotondako lehen semaforoaren parean. Azkenik, pasabidearen azpian dagoen autobus geltokia 30 bat metro beherago lekuz aldatuko dute.

160.000 euroko kostua

1706636557088 Sigmako pasabidea eraisteko lanak direla-eta, trafikoa moztuta egongo da

Pasabide zaharra bota eta gero, igogailu bat jarriko dute autobus geltokia dagoen aldean, eta honi lotuta, 634 errepidea gaindituko duen pasabide berria jarriko dute. Elgoibarko Udalak 12,8 milioi euroko aurrekontua onartu zuen 2014rako. Inbertsioetarako 1.590.365 euro gorde zituzten, eta atal horren barruan Sigma auzoan 634 errepidea gurutzatzeko pasabidea bota eta berria jartzeko dirua bideratu zuten. 160.000 euroko kostua izango dute lanek.