Lau lagun atxilotu dituzte Mendaron, lantegi batean lapurreta egitea egotzita

elgoibarren.net 2014ko ira. 8a, 09:35

 
Eibarko ertzain-etxeko agenteek 24, 26, 27 eta 38 urteko lau gizon atxilotu zituzten joan den eguenean, eta beste bat inputatu, Mendaroko lantegi batean lapurtzea egotzita. Debabarrena eskualdean gertatutako antzeko gertakarietan parte hartu ote duten ikertzen ari da orain Ertzaintza.



 Joan den eguenenean, hilaren 4an, Mendaroko tailer batetik egindako deia jaso zuen Ertzaintzak, 15:00ak aldera. Tailerreko langile bat enpresakoak ez ziren zenbait lagun zebiltzala enpresa barruan konturatu zen, eta haiengana hurbiltzean ihesari eman zioten. Deiari erantzunez, gertatutakoa ikertzera joan ziren Eibarko ertzain-etxeko polizia agenteak. Lantegiko ateetako bat indarkeriaz bortxatuta zegoela jakinarazi dute Ertzaintzatik. Barruan, berriz, enpresaren jardueraz kanpoko furgoneta bat aurkitu zuten, molde metalikoz eta antzerako bestelako materialez betea. Ondoren aurkeztutako salaketan, instalazioetan kalte handiak izan direla aipatzen da.
 Furgoneta aurkitu eta hiru ordura, zerbitzuz kanpo zegoen Eibarko udaltzain baten laguntzaz, lau susmagarriak aurkitu eta atxilotu zituzten: bi Mendaroko Ospitaletik gertu eta beste bi Mendaroko beste toki batean.
Atxilotutako guztiek dituzte aurrekariak
 Ertzaintzak jakitera eman duenez, lehen bi atxilotuek oxido-orbanak zituzten arropan; antza denez, lapurtu nahi zituzten piezak mugitzerakoan zikindu ziren. Atzamarkadak ere bazituzten, sastraka artetik ihes egin zutelako. Atxilotutako lagun guztiek dituzte polizia-fitxak eta aurrekariak. Epailearen esku gelditu dira, eta furgoneta ibilgetuta. Azken aldian eskualdean gertatu diren antzeko lapurretetan parte hartu ote duten argitzen saiatzen ari da orain Ertzaintza.