Azken urteetako murrizketei amaiera eman eta aurrekontu handiagoa -171.000 euro- izan dute aurtengo San Bartolome jaiek, eta honek ahalbidetu du ikuskizun garrantzitsuagoak eta hobeak ekartzea, udal arduradunen esanetan. Gatibu talde bizkaitarrak eskaini zuen kontzertua jarri dute adibidetzat. "Kontzertu honek ederki bete zituen antolatzaileon desio eta nahiak. Jaietako izarra izan dela esan genezake", adierazi du Kultura zinegotzi Amaia Txurrukak. Kalegoen plaza jendez beteta ikustea gozamena izan zela dio.
San Bartolomeren omenezko jarduerak, txistuaren eta dultzainaren dianak, Bandaren kontzertua eta kalejira eta erlijio ospakizunak, horiek guztiak, eta elgoibartarren parte-hartzea izan ziren Udal arduradunen berbetan Kalegoen plaza galaz jantzi zutenak San Bartolome Egunean. Ongarri elkarteko dantzari eta txistularien parte-hartzeari esker, ekitaldi hunkigarria izan zela adierazi du Txurrukak.
San Bartolome Egunaren amaieran, iluntzean, parrokiaren inguruan antolatu zuten ikuskizun piromusikalak ere jendetza erakarri zuen. "Astondoa piroteknia, Bilboko jaietan egiten duten lehiaketako irabazleak, argiz eta kolorez beteriko ikuskizuna, musikarekin sinkronizatua, burutu zuen, eta egia esan, hunkituta utzi gintuen". Ondoren etorri zen Candore ikuskizunak ere ikusmina piztu zuen eta jendetza bildu zen plazan, eta horren ondorioz, lagun asko geratu zirela ikuskizuna ikusi ezinik azaldu du Txurrukak. "Beraz, barkamena eskatzea dagokigu".
Gazteen egunean Gose eta Belako taldeek Maalako parkean eskaini zituzten kontzertuekin ere gustura daude. "Gosek agertokia kolorez bete zuen eta publikoarenganako eszenaratze alaia eta hurbila egin zuen. Belakok Goseren oso molde ezberdinaz, pozik utzi zituen bere jarraitzaileak". Maalako jai batzordearen eta Udalaren artean egon den lankidetza azpimarratu du Amaia Txurrukak. "Lankidetza horri esker, posible izan da bateratzea txosnak eta ezaugarri tekniko handiak zituzten kontzertuak. Eskerrik asko guztioi lankidetzagatik".
Era berean, Gazteen eguneko goitibeheren jaitsierak "arrakasta itzela" izan zuen bai publiko aldetik eta bai parte hartzaile kopuruaren aldetik ere. 24 goitibehera jaitsi ziren orotara, 20 lehiaketa barruan eta 4 erakustaldian. Emakumeen parte hartzea beste urte batzuetan baino handiagoa izan dela ere nabarmendu dute.
Baserritarren Eguneko gazta lehiaketan ere handia izan zen parte hartzea. Guztira 27 gazta aurkeztu ziren, eta guztiak kalitate bikainekoak antolatzaileen berbetan. Aurtengo irabazlea Ordiziako Joseba Intxausti izan zen. Elgoibarklo Mausitxa gaztandegikoek aurkeztutako gaztak hirugarren postua eskuratu zuen.
Sokamuturretan ez dela aparteko gorabeherarik izan jakinarazi dute Blanca Salegik eta Javier Oñederrak. Alabaina, berriz gogora ekarri nahi izan dute 16 urtetik beherakoek erabat debekatuta dutela ibilbidearen barruan ibiltzea. "Gurasoak dira debeku horren erantzukizuna daukatenak eta ez dute amore eman behar kontu honetan, 16 urtetik beherakoak ez baitaude aseguratuta; eta 16 urtetik beherako baten harrapaketak kolokan jar dezake etorkizuneko sokamuturra antolatzea. Araudia denon artean betearazi behar dugu", esan du Salegik.
Barrakak egon diren esparruan jende andana bildu dela eta giroa aparta izan dela diote. "Gurasoak kexu dira diru asko gastatzen dutelako, baina, era berean, pozten dira bidaia bakoitzeko prezioa beste herrietakoa baino merkeagoa delako. Gainera kanpotik datozenak poztu egiten dira barraketako prezioak hain baxuak izatearekin".
•Salaketa gutxiago
Javier Oñederra Elgoibarko udaltzainburuak jakitera eman duenez, iaz baino salaketa gutxiago jaso dituzte aurtengo jaietan Udaltzaingoan. Bilboko jaietan “sarraski” handia egin zuten sakelako diru-zorroak lapurtzen aritzen diren lagunek eta udaltzainburua beldur zen Elgoibarren ere antzerako zerbait gerta zitekeela-eta. Azkenean, baina, ez dela aparteko gorabeherarik egon eta istilu handiegirik gabeko jaiak izan direla dio Oñederrak.
Diru zorroak osteagatik bederatzi salaketa jaso dituzte eta horietatik sei kasu San Frantzisko kalean izan ziren. Era berean, jendeak galdutako dozena bat objektu jaso dituzte Udaltzaingoan, horietatik zortzi jaietako azken egunean, abuztuaren 31n. Azkenik bi lagun daude inputatuta, bata lapurreta egotzita, eta autoritatearen aurkako atentatua eta irainengatik bestea.
- Irakurri osorik Elgoibarko Udalak jaien inguruan eginiko balorazioa (PDF)
•2014ko San Bartolome jaietako argazkiak eta bideoak:
- Bezpera Eguna
- San Bartolome Eguna
- Txiki Eguna
- Gazteen Eguna
- Baserritarren Eguna
- Jubilatuen eta Umeen Eguna