Mendaroarrak nagusi San Antolin jaietako Desapixuan

elgoibarren.net 2014ko ira. 9a, 13:09

San Antolin jaiak ospatu dituzte asteburuan Arriaga auzoan. Aurtengo egitarauaren barruan kirol desafio berezia prestatu zuten Kaxeta elkarteko kideek: Desapixua. Ikusmina sortu zuen probak eta jendetza batu zen Usatorre tabernako aparkalekuan prestatu zuten jai gunera. Bost laguneko bost taldek hartu zuten parte proban eta mendaroarrez osatutako taldeak irabazi zuen proba. (argazkiak eta bideoa dauzka)


 Bost lagunez osatutako bost talde mistok eman zuten izena Desapixuan, eta lehia polita eskaini zuten guztiek, joan den zapatuan San Antolin jaien barruan egin zen kirol proban. Partaideek bederatzi probatan neurtu zituzten indarrak: lokotx biltzea, txingak eramatea (urez betetako ontziak ziren, eta galdutako ura neurtzen zuten epaileek), arrautza jaurtiketa, eskuak atzean lotuta dituztela, ura irinetan dagoen balde batetik sagarrak hartzea, dantza (fandangoa eta arin arina), poniaren gainean itzulia, bizikleta estatikoan bi minutuko saioa, bi bertso osatzea momentuan eman zitzaien gai baten inguruan, eta azkenik, talde bakoitzeko hiru partaidek hankak elkarri lotuta dituztela plazari bi itzuli eman zizkioten. Proba horietan lortutako puntuak batu ostean, mendaroarrez osatutako boskoteak irabazi zuen Desapixua. 300 euro jaso zituzten saritzat.
Aitzol Urain onena txapel eta oliba hezur jaurtiketetan
  Kirol desafioaz gain, beste hainbat ekintza izan dira asteburuan Arriaga auzoan, eta horietan ere ez da lehia eta demarik falta izan. Barixakuan IX. Txapel Jaurtiketa Lehiaketa jokatu zuten eta Aitzol Urain eta Iosune Fernandez izan ziren irabazleak, 24,55 metroko eta 21,10 metroko bi jaurtiketei esker. Oliba hezur jaurtiketaren zazpigarren txapelketa jokatu zuten gero eta hor ere Aitzol Urain izan zen onena. Urainek 12 metro eta 35 zentimetrora jaurti zuen oliba hezurra ahoarekin. Zapatuan, berriz, San Antolin auzoko V. Mus Txapelketa egin zuten eta Jose Ramon eta David Rojo aita semeak gailendu ziren. Patata tortilla lehiaketan iaz lortutako garaipena errepikatu zuten Itxaso Irazabalek eta Leire Ansolak, Mausitxa baserrian gaztaz gainera tortilla goxoak egiten dakizkitela erakutsiz.

Errifetako zenbaki sarituak
 Honakoak izan dira zozketako zenbaki sarituak:

  • Lehen Sariko (Kanariar Uharteetara bi lagunentzako bidaia) 
zenbaki saritua: 2379.
 Erreserbakoa: 1718
.
  • Bigarren sariako (janariz eta edariz betetako gurdia)
 zenbaki saritua: 1457. 


ARGAZKIAK (San Antolin jaiak 2014)