Errosario kalean dagoen Mekanosa dendagatik ezaguna da herrian Angel Sanz. Lanetik kanpora baratzari eskaintzen dizkio makina bat ordu, horixe du eta zaletasuna. Uda sasoian Guadalajara joaten da Sanz eta han ere aritzen da lurra lantzen. "Izango dira 28 bat urte fruta arbolekin hasi nintzela eta tomateekin lau urte inguru daramatzat lanean", dio. Aurten jaso duen tomate uzta halakorik sekula ez duela ikusi dio. Tomate ale handiak izateaz gainera, kilo eta 800 gramokoak batzuk, daukaten itxurarekin harrituta dago Angel. "Lagun eta ezagun askorekin berba egin dut, tomateekin aritzen direnak asko, baina ez dutela inoiz horrelako tomaterik ikusi esan didate. Tomatearen heltze prozesuaren amaieran gertatu den mutazio moduko baten ondorioz dutela itxura hori esan dit lagun batek. Ni, badaezpada, ez naiz tomateak jatera ausartu, eta ontzi batean gorde ditut".