Udazkena Dolmenen Ibilbidean izenburupean, iraila eta urria bitartean hainbat ekimen antolatu dira Elgoibar, Soraluze eta Bergarako udalerriak lotzen dituen ibilbidea eta bertako ondare natural eta kultural baliotsua ezagutzera emateko helburuarekin.
Arribiribilletako zutarria tente jartzearekin batera eman zitzaion hasiera egitarauari pasa den astean, eta datorren domekan, irailak 14, izango du hurrengo hitzordua, Irukurutzetan egingo den Erromeria egunarekin.
- Goizeko 11:30ean emango zaio hasiera erromeriari. Jatorrizko posizioa berreskuratzeko zutik jarri berri den Arribiribilletako zutarriaren bueltan elkartu eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek monolitoan egindako ikerketek zer emaitza eman duten azaldu eta, oro har, Dolmenen Ibilbidearen balioaren berri emango dute.
- Soraluzeko Urrats Dantza taldeko kideek dantza erakustaldia egingo dute, txistulariek lagunduta. Ondoren, hamaiketakoa egiteko aukera egongo da. Bertaratzen diren guztiei salda eta txorizoa eskainiko zaie, Atseden Txabola elkarteko lagunei esker.
- Haurrei eta gaztetxoei zuzendutako ekintzak ere izango dira. “Arbasoen deia” deritzon tailerrak gure arbasoen bizimodua nolakoa zen ulertzen lagunduko die, sua edota ehiza nola egiten zuten, esaterako.
•Morkaikorekin Irukurutzetara
Domekarako, Elgoibar eta Soraluzeko mendi taldeek Irukurutzetara igotzeko hitzorduak jarri dituzte herritar oro zein bisitarientzat.
Elgoibarren, Morkaiko Mendi Taldeak bi hitzordu egin ditu. Bata, haurrak dituzten familiei zuzenduta, goizeko 09:00etan, Mintxetako kirolguneko aparkalekuan. Autoak partekatuz Otxourtiaraino eta Azkarateraino igotzea da asmoa eta bertatik oinez jarraitu Irukurutzetaraino. 450 metro igo behar dira Otxourtiatik Azkaratera. Morkaikokoen esanetan ez da bide zaila. Bigarren hitzordua, ibilbide osoa oinez egiteko, goizeko 09:00etan izango da Kalegoen plazan.

•Bisita gidatuak dohainik irailean eta urrian
Herritarren artean Dolmenen ibilbidea ezagutzera emateko doako bisita gidatuak antolatu dira datozen asteetarako. Guztira lau irteera egingo dira, igandez, horietako hiru euskaraz (irailak 21 eta 28, eta urriak 12) eta beste bat gazteleraz (urriak 5).
- Informazio gehiago: www.debabarrenaturismo.com.